Maria Gallastegik, kiroldedegiko arduradunak, esan digunaren arabera urtez urte igotzen dihardu abonatu kopuruak eta zera esan digu, horren arrazoia izan dela instalazioen egoera hobetu izana: “2010. urtetik hona, gimnasioko makinak berriztu ditugu eta orain makina gehiago daude; instalazio gehiago daude: rokodromoa, padel pista, ikastaroentzako gelak...”Horregatik guztiagatik uste dugu kiroldegia gehiago erabiltzen dela”.
Parekidetasuna da nagusi abonatuen artean. 2016. urteko 919 bazkideetatik 478 (%51,90) gizonak dira eta 443 (%48,1) emakumeak. Ikastaroetan aldiz, 269 pertsonak dihardute parte hartzen eta horietatik 211 emakumeak dira eta 58 gizonak. Ikastarorik arrakastatsuenak pilatesa, spinninga, zumba, fit-boxinga, boxeoa eta Gap-bosua dira. Aipatzekoa da umeen igeriketa-ikastaroan parte hartzea handia dela, aurten 86 haur ari dira; ikastaro horretan 3 urtetik gorako neska-mutilek eman dezakete izena.
Dantzak, saskibaloia eta aire-akrobaziak
Alde batetik, Biraka taldeak umeendako (LH1-LH5) dantza garaikideko ikastaroa eskainiko du. Proposamenak harrera oso ona izan du eta, oraingoz, 41 ikaslek eman dute izena. Maiatzean erakustaldi egingo dute.
Bestalde, saskibaloi ikastaroa izango da beste ikastaro berrietako bat. DBHko neska talde batek kirol hau, modu ludikoan eta lehiatzeko asmorik gabe, praktikatzeko interesetik sortu zen eskaintza.
Azkenik, azarotik aurrera rokodromoan aire akrobazia ikastaroa ere eskainiko dute. Ikastaroaren helburua rokodromoari bestelako erabilera bat ematea da eta jendearen interesari erantzuna ematea.
Bukatzeko, jakin dugu DBHko ikasleendako zumba-taldea osatzeko hiru pertsona falta direla; beraz, interesa duenak jo dezala kiroldegira edo deitu dezala telefonoz (943752466 telf.).