{mosimage}Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuaren webgunea aurkeztu dute gaur goizean Unai Larreategi koordinatzaileak eta Gotzon Elizburu webgunearen arduradunak. Zehaztu dutenez, Alkarrekin prozesuak zuen hutsune bati erantzutera dator tresna hau: "Alkarrekin parte hartze prozesua izanda, berari oso loturik daude gardentasuna bezalako kontzeptuak. Baina orain arte ez da egon herritar guztien eskura dokumentu eta informazio guztia batera egongo den biltegirik. Webgune honen bitartez, edozeinek izango ditu dokumentu eta aktak eskuragarri".
Lanerako tresna
Tresna "berritzaile" bat ere eskainiko du webguneak. Sare sozial propioa osatu dute, bi helbururekin: Alde batetik Alkarrekinen komunitatea sendotzea, kalean bestela harremanik ez duten herritarren artean komunikatzeko aukera emanez, "hartu-eman horietatik ideia berriak edo lankidetzarako aukera berria sortu litezke" aipatu dute. Eta bestetik, martxan dauden proiektuen lan-taldeentzako lanerako tresna izan nahi du. Lan-taldeetako kideek euren bilerak on-line egiteko, aktak, dokumentuak eta multimedia edukiak konpartitzeko aukera izango dute, baita dokumentuak on-line osatzeko tresnak ere.
Zehaztu dute lan-talde bakoitzak erabaki ahal izango duela bere aktak, eztabaidak eta abar modu publikoan, herritar guztiak ikusteko moduan edo pribatuan, egin nahi dituen.
Azaldu dutenez tresna horiek epe zehatzeko parte hartze prozesuetan ere, on-line parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera eskainiko du.
Edozein herritar erregistratu ahal izango da sare sozial honetan. Taldeetako eztabaidetan parte hartzeko, ordea, taldekide izan beharko dela zehaztu du Elizburuk.