Hiru puntu urratu ditu erregionalak, Urkiri 4-5 irabazita

plaentxia_com 2014ko abe. 15a, 11:21

Hiru puntu pilatu ditu erregionalak Eibarren Urkiren aurka jokatutako partidan. Lehen zatian 4-0 galtzen joan arren, markagailuan gora egin eta 4-5eko emaitzaz irabaztea lortu zuten. 19 puntu dituzte eta hirugarren postuan dira. Urkomendiren kontra jokatuko dute hurrengo jardunaldian Ezozin, zapatuan 16:30ean.

 

 

Preferenteak ezin izan zion Zestoa taldeari aurre egin eta 0-2 galdu zuten Ezozin jokatutako partida. Hala ere ez du sailkapenean duen postua galdu eta bosgarrena da 21 punturekin, Getariako Keta da lehena 29 puntu batuta. Datorren zapatuan Aretxabaleta B-ren (17 puntu) zelaian neurtuko dituzte indarrak, 16:00etan.

Erregionalak sekulako gol ikuskizuna eskaini zuen zapatuan Unben. 4-0 galtzen bukatu zuten lehen zatia baina bigarrenean markagailua irauli eta 4-5 irabaztea lortu zuten Urkiren kontra. Ander de Luisek eta Aitor Lunak sartutako bina gol eta Nordin El Haossunirenarekin bost izan ziren hamabost minutuko deskontuarekin erregionalak bigarren zatian sartutako golak. Hiru puntuak urratuta Bergararen atzetik hirugarrenak dira sailkapenean 19 punturekin. Urkomendi da taldeko buru 28 batuta eta hain zuzen, bera izango da erregionalaren arerio datorren zapatuan, 16:30ean Ezozin.

Jubeniletan Markel Gustinok gola sartzea lortu zuen arren ez zen Urkiren aurka irabazteko nahikoa izan eta 1-3ko emaitzaz galtzen bukatu zuten norgehiagoka. Arizmendiren aurretik azkenurrenak dira sailkapenean 12 punturekin, Bergara dago lidertzan 29 puntu batuta. Antzuolaren zelaian neurtuko dituzte indarrak zapatuan, 16:00etan.

1-9ko emaitza mingarriaz galdu zuten kadeteek Aretxabaleta, taldeko lehenaren aurka. Kadeteak ere Arizmendiren aurretik azkenurrenak dira sailkapenean 7 punturekin. Bergararen kontra lehiatuko dira zapatuan, 9:00etan Ipintzan eta ez dirudi partida erraza izango denik, bergararrak hirugarrenak baitira, 24 puntu batuta.