"Udalak entzungor egiten dio iragarki taulak ipintzeko eskariari" EAJ

plaentxia_com 2014ko abe. 12a, 11:41

EAJk adierazi du udalak entzungor egiten jarraitzen diola  behin eta berriz hirigintzako batzordeetan iragarki taulak ipintzeko egiten duten eskariari: “iragarki taulak erosita daude eta udal biltegian gordeta baina euskarriak falta zaizkie” salatu du. "Herriko erakunde eta elkarteek urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldi desberdinen iragarki eta jakinarazpenak ipintzeko, herriko gune ezberdinetan toki bat edukitzea" da, alderdi jeltzalearen nahia. Barruan prentsa oharra

 
 
 
EAJren prentsa oharra:
Bozeramaile jeltzalea den Iker Aldazabalek jakinarazi du 2013ko aurrekontuetan 4.000 eurotako partida bat zehaztu zela iragarki taulak erosteko "jakitun gara erosi zirela baina euskarriak falta zaizkie herriko gune desberdinetan ipintzeko. 2014. urtea amaitzear dago eta euskarri faltan, iragarki taulak udal biltegian gordeta jarraitzen dute, bien bitartean herriko fatxada eta paretak era guztietako orri eta iragarkiz beteta jarraitzen dute”.
Aldazabalek gaineratu du urteetan egiten diharduten aldarrikapena dela, “helburua herriko estetika mantentzea da, garbitasun itxura emanez, azken finean herriaz eta herritarrez asko esaten baitu honek”.
“Penagarritzat” jotzen du udalaren jarrera, "udalak berak itsasten ditu herriko fatxada eta paretetan berak antolatzen dituen ekitaldien iragarkiak. Bera izan beharko litzake lehena eredu ematen, herritar ugarik jakinarazi diguten bezala”.
Azkenik, Iker Aldazabalek berri eman du herritarren eskariari kasu eginez, 2015ko aurrekontuen negoziaketan, bere taldeak, 12.000 eurotako partida bat aurreikusi dadila proposatu dutela. Helburua, enpresa bat kontratatzea litzateke, herriko fatxada eta paretak garbitzeko. “Zoritxarrez, proposamena ez da onartua izan alkatetzaren aldetik, argudiatuz, ez dagoela beharrik horretarako". "Gogoratu nahi dugu zerbitzu hau Ezker Abertzalea (ANV) eta Eusko Alkartasuna udal gobernura iritsi zirenean kendu zela”.