“Euskaraz egiteak meritu handia du denok erdaraz egiteko gai garen garaiotan” Andoni Egaña

plaentxia_com 2014ko abe. 10a, 18:26

Ni ez naiz zientifikoa. Batera eta bestera ibiltzea suertatu zait eta Euskal Herria dezente ezagutzen dut” esanaz hasi zuen hitzaldia Egañak. Esanez bezala edozeini hurbileko gerta dakigukeen moduan azalduko zituela gogoetak, eta halaxe egin zuen. Gogoeta interesgarri ugari eskaini zuen, ezohiko moduan. Adibide bat: "Beharbada testuliburu aspergarriak ingelesez atera beharko genituzke, gaztetxoek euskaraz gogotsuago egin dezaten”. Laburpena eta audioa barruan.

 
  
Baikortasun kritikoa
 
“Zela doa euskara? Ondo, oso geizki ala erdipurdi?” izan zen hitzaldiaren hasieran Andonik ikusleei egin zien galdera, eta ikusle guztiek altxatu zuten eskua “erdipurdi” aukerarekin. 
 
Baikor izateko arrazoiak ematen dizkigun hiru datu eman zituen:
- Inoiz baino jende gehiagok daki euskaraz.
- Inoiz baino lur eremu zabalagoan egiten da euskaraz.
- Gero eta gai gehiagori buruz hitz egiteko gai gara euskaraz.
 
Eta datu horietako bakoitzaren bainak ere azaldu zituen:
- Jende gehiagok ezagutzen du baina erabilera ez da igo.
- Lur eremu zabalean egiten da baina lurralde askotan oso gutxi.
- Gai gehiagori buruz hitz egiteko gai gara baina bestelako funtzio batzuetan galera izan dugu.
 
“Gaur egun ume guztiek dakite vertebra hornoa dela baina inork ez daki euskaraz mehatxatzen.”

“Azken urteotan hizkuntzaren funtzio formalak lantzen gastatu dugu energia, eta ondo gastatutakoa izan da, baina behar bada heldu da garaia energia beste kontu batzuetara ere bideratzen hasteko.”
 
{mosimage} 

Konstatazioak: hautuaz, legeaz eta aizkoraz.
 
“Historian lehen aldiz, ez dago euskaldun elebakarrik eta danok dakigu besteak badakiela gazteleraz. ¿Verdad que si? Beraz, euskaraz egiten dugun bakoitzean aukeratzen ari gara eta horrek meritu handia dauka. Historian lehen aldiz gertatzen da hori. Harro egoteko motiboa da baina ez gara behar bezin harro sentitzen”.
 
“Legea alde behar dugu. Horrek ez du ezer ziurtatzen baina argi dago hori gabe ez dagoela aurrerapauso handiak ematerik. Erkidegoko datuak Nafarroako eta Iparraldekoekin alderatu besterik ez dago hori horrela dela ikusteko”.
 
“Hizkuntza eta aizkora alderantzizkoak dira. Aizkora zenbat eta gehiago erabili kamutsagoa baina hizkuntzarekin alderantziz gertatzen da; zenbat eta gehiago erabili orduan eta zorrotzagoa. Ez dezagun pentsatu euskaraz jakin arren egiten ez duenak bere borondatez egiten duenik, baizik eta ez duela egiten, ez daukalako mingaina aski zorrotza”.
 
Politika berri eta irudimentsuen beharraz
 
“Neurri berriak probatzen hasteko ordua da beharbada. Boutade bat izan daiteke baina testuliburu aspergarriak ingelesez ateratzen hasi behar genuke beharbada, eskola hori amaitutakoan gaztetxoak euskaraz egiteko gogoz atera daitezen”.
“Hizkuntzaren helburua ez da hizkuntza ondo egitea. Hizkuntzaren helburuak hizkuntzaz kanpokoak dira: bikotea konkistatzea, amaren barkamena lortzea, norbait mehatxatzea... Azken 35 urtean denok bihurtu gara filologoatxoak baina preokupatu behar genuke gehiago egiten laguntzeaz, okerrak zuzentzen ibiltzeaz baino”.
 
{mosimage}
Euskara bizitzako eremuetan: familia, kalea...
 
Familia
“Gaztetxoek erdarara jotzen badute da etxean ez diegulako mingaina behar beste zorroztu. Gaur egun familiak askotarikoak dira eta ez da erraz familietan eragiteko politikak asmatzen”.
 
Kalea
“Multilinguismoa ona izango da hemendik denbora gutxi barru. Laga kontuari nahasten eta hemendik urte batzuetara ikusiko dugu hori gure aldekoa izango dela. Dagoeneko gazteleradun elebakarrak ez dira atrebitzen esaten a mi en cristiano moduko esaldiak. Espainolek uste dute denok jaiotzen garela espainiarra jakinda eta gero beste hizkuntza bat ikasi dugulako zortedunak garela: ¡que suerte tienes!”.
 
“Katalanek gehiago eusten omen diote euren hizkuntzari inguruan gazteleradun hiztunak dituztenean ere. Bai, baina katalanaren eta gazteraren arteko distantzia linguistikoa ez da euskara eta gazteleraren artean dagoena”.
 
“Lehenengo hitza euskaraz egitearena ez da tontakeria, gero eta garrantzitsuagoa da, gero eta jende gehiagok dakielako euskaraz. Gainera, euskaraz egiten digunari ia muxu ere ematen diogu eta. Gasteizko antro batean sartu eta zerbitzen digun neska beltxaranari ere egin diezaiogun”.
 
“Horregatik dira garrantzitsuak Berbalaguna moduko egitasmoak. Aukera ematen diolako bestela egin ezin duenari”.
 
Lantokia
“Ohiturak indar handia du lanean. Ahalagin handiak eta onak egiten ari dira baina gauzak oso poliki doaz. Segi beharra dago”.
 
Kirola
“Zarautzen eskubaloia oso euskalduna da eta futbola ez. Jendea segituan batzen da irabazlearengana hizkuntza kontuetan ere. Horregatik, herri edo talde batean euskara nagusitzen denean eta hegemonikoa bihurtzen denean, segituan batzen da jendea ingurura”.
 
“Sozioekonomiak eragin handia du. Zarautz kanpotik etorritako jendearekin euskaldundu den moduan, Plaentxi erdaldundu egin da. Eman denbora eta ikusiko da harreman linguistikoek ze bilakaera izaten duten”.
 
Eskola
“Ereduek badute zentzurik gaur egun? Denak D ereduan behar lukete, besteekin batera hizkuntza menderatu dezaten”.
Hedabideak
 
“Ia ahaztu egiten zaigu ETB zertarako sortu genuen ere. Erdarazko katea sortu eta ETB2 deitu ziotenean sartu ziguten ederra. Gero audientziak agintzen hasi zirenetik ETB2 kate nagusi bihurtu da. ETBri gogorarazi behar zaio zertarako sortu zen: hizkuntza normalizatzeko”.
 
Teknologia berriak
“Garen astakirtenak izateko presentzia handia daukagu interneten eta teknologia berrietan. Badirudi alde horretatik egin beharrekoak nahiko ondo egiten dihardugula”.
 
{mosimage}
Konplejuak gainditu beharra: euskaldunberriena eta ertzetako euskararena
 
“Euskaldunberriei konplejuak kentzen lagundu behar diegu. Ez gaitezen izan elkarren komisario linguistikoak eta lagundu diezaiogun elkarri konplejuak gainditzen”.
 
“Euskara batu esaten diogunetik urrunen dauden hizkuntza aldaera edo euskalkiak onak dira. Plaentxiarrek euskaraz oso ondo egiten duzue. Izan dira garai batzuek erdialdeko euskara hobea zenaren ustea zabaldua izan dena eta ertzetako euskara darabilten euskaldunek sinetsi dute euren euskara ez dela ona. Hori ez da egia eta konpleju horiek kendu behar ditugu”.

Azken ondorio batzuk
 
“Gaztelerez egiten duten gaztetxoak ez dute egiten gazteleraz cabroncete batzuk direlako. Lagundu diezaiegun mingaina zorrozten”.
 
“Hizkuntza maite behar da gugandik kanpoko faktorrengatik baina baita barrukoengatik ere. Horiek biek elkarrekin joan behar dute”.
 
“Euskaraz egiteak meritu dauka, denok gazteleraz egin dezakegun garaiotan”.
 
“Plaentxin ia euskaldunak diren pertsona asko badago, badakizue, lehenengo hitza euskaraz eginaz aurrera egiteko aukera duzue”.
 
“Gure jarrerak eta ohiturak biribildu behar ditugu, egiten dihardugun ahaleginak neurriko zifra bihurtuko badira”.
 
{mosimage}