Alkarrekineko Jasangarritasun taldeak eta DBHko ikasleek berrerabilpen ohiturak sustatzeko asmoz, bigarren eskuko azoka antolatu dute abenduaren 13rako. Azokan edozein material trukatu, saldu edo besterik gabe emateko aukera egongo da. Liburuak, arropak, diskoak, jostailuak, kirol jardueretako tresnak, instrumentuak, altzariak… antzeko edozein produktu trukatu, saldu edo eman ahal izango da.
Material dezente saldu, trukatu edo eman nahi duenak bere postu edo stana ipini beharko du. Horretarako izena eman beharko du abenduaren 10a baino lehen 665734043 zenbakira deituta edo ingurumena.soraluzekoudala@gmail.com helbidera idatzita.
Bestetik, material bat, bi edo hiru soilik prezio sinbolikoan saldu, trukatu edo eman nahi duenak ez du izena eman beharrik. Tresna edo material horien trukea ahalbidetzeko mahai handi bat egongo da. Egunean bertan lehen orduan bertara ekartzearekin nahikoa izango da.
Honako baldintzak bete behar dira azokan parte hartzeko:
- Soraluzetarra izatea edo Soraluzen erroldatuta egotea.
- Ekartzen diren arropak garbiak egotea.
- Ekartzen den material oro egoera onean egotea.
Azoka kiroldegiko frontoian izango da 10:00etatik 14:00etara. Postuak jarri ahal izateko mahaiak antolatzaileek ipiniko dituzte. Giroa berotzeko musika eta salda eta txorizoa ere egongo dira.