Euskalzaleen ospakizunean parte hartzeko gonbitea, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta

plaentxia_com 2014ko aza. 30a, 20:40

Euskarak 365 egun leloaren filosofiari jarraituz, “euskaltzaleok euskaraz bizitzeko 365 egun ditugula gogoratu, aldarrikatu, plazaratu eta ospatzeko” ekitaldia izango da, euskalzaleen elkarteek euskararen lurraldeko beste hainbat herritan egingo duten bezala. Arratsaldeko 19:00etan Zubi Nagusian batu eta hurreratzen diren euskalzale guztiak eskutik helduta ateratzeko gonbitea zabaldu du Pil-pilean euskara elkarteak. Irudia: kartel iragarlea.

 
 
 
EUSKARAK 365 EGUN
 
Auzotik herrira, euskaltzaleen auzolanetik herri euskaldunera.
 
Euskaraz bizi nahi duen herriak iraunarazi du euskara. Euskaltzaleen ahaleginik gabe, nekez izango luke hizkuntzak gaur duen lekua gizartean eta nekez iraungo luke bizi eta indarrez inguruko hizkuntzen artean.
 
Euskaltzaleen ahalegina eta ekarpenari esker dugu gaur euskaldunon hiztun komunitate bizi eta zabala. Sortu ditugunengatik, bizi eta eragin dugunarengatik gara gaur, komunitatea, euskararen herria egunetik egunera sortzen eta birsortzen duen jendea. Badakigu herrietan antolatzen; asmatu dugu euskaraz ikasteko eskolak eta euskaltegiak sortzen; kultur sorkuntza, eskaintza eta transmisioa euskaratik eta euskaraz egiten dihardugu; aisialdia euskaraz gozagarri egiteko egitasmoak hedatu ditugu; administrazio eta enpresetan euskaraz aritzeko eragile gara; interneten ere .eus komunitatea sortzen ari gara; euskaraz bizitzeko espazioak sortzen eta elikatzen ditugu. Hori da gure ekarpena, euskaltzaleon ekarpena, urtean 365 egunetan.
 
Aurten ere abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko eguna ospatuko dugu. Eta aurten ere, euskarak 365 egun dituela gogoratu, aldarrikatu, plazaratu eta ospatuko dugu.
Urtean 365 egunetan euskaraz bizitzeko gonbitea luzatu nahi dizugu, gurekin batera, auzotik herrira euskaltzale eta euskaldun agertzeko gonbitea.
 
Euskaltzaleen Topagunea
 
 
Iazko ospakizunaren argazkiak 
{mosimage} 
{mosimage}