Energia kontsumoa murriztu asmoz herriko farola guztien buruak aldatuko dituzte

plaentxia_com 2014ko abe. 1a, 06:30

Bi fasetan kaleko argiteria guztia aldatuko da. Lehen faseko lanak hasita daude eta 379 luminaria aldatuko dituzte. Guztira 201.200 euroko inbertsioa egingo du udalak eta lanak amaituta %80ko aurrezpen ekonomikoa egingo dela aurreikusi dute, “kontsumoa murriztuko denez, gastua ere murriztuko da”.

Lehen fasean herriko argiteriaren erdia aldatuko da, honako kaleetan: Ezozibidea, Baltegieta, Arraikua, Errekalde, Atxuri, Santa Ana, Kalebarre, Errabal, Gabolatz, Elizburu eta Mendiola Industrialdea. Guztira 379 luminaria edo farola buru aldatuko dira fase honetan. Gainontzekoak 2015ean aldatuko dira.

Lanak amaituta %80ko aurrezpen ekonomikoa egitea aurreikusten du udalak. Kontsumoa murriztuko denez, CO2 gasen emisioa ere nabarmen murriztuko da. Lan hauek egiteko zeregina Electricidad Perosanz S.L. enpresak irabazi du lehiaketa bidez. Proiektu hau SMART City edo Herri Adimentsuaren proiektuaren baitako urratsa da.

Izan ere, Udalarentzat estrategikoa da energiaren arloa. Bizi dugun krisi sistemikoa dela-eta, energiaren gehiegizko kontsumoak naturan eta ekonomian duen eraginari aurre egiteko neurriak ez badira hartzen, etorkizuna ez da xamurra izango. Argiteria aldatzea ekintza txikia bada ere, kontsumoa murriztu eta efizientzia handitzeko urrats garrantzitsua da Udalaren ustez.