Spinning klaseetan erabiltzeko euskal kanten bilduma osatu dute

plaentxia_com 2014ko aza. 24a, 07:00

Debarroko Kirola Euskaraz programaren bitartez, udalek kirola eta euskara uztartzeko aurrera daramaten ahaleginaren baitan, 250 euskal abestiz osatutako pen-drive bat jarriko da bailarako kiroldegietako areto txirrindularitzako begiraleen esku. Spinning klaseetan euskal musika gehiago erabiltzea lortu nahi da. Aritz Alustiza, musikari bergararra eta Eli Rodriguez, Bergarako kiroldegiko begiralea izan dira bilduma hau egiteko ardura izan dutenak.

 

 

Areto txirrindularitzako saioetan, euskal musika gehiago erabiltzea lortu nahi da, eta bilduma honi esker, euskal musika erraz aurkitzeko aukera izango dute begiraleek. Soraluzeko kiroldegian hainbat talde euskaraz ari dira areto txirrindularitzan eta ezinbestekoa iruditzen zaie egitasmoaren bultzatzaileei euskal musikak ere hor bere tokia izatea.

Hasiera batean 250 abestirekin osatu dute bilduma baina aurrerantzean abesti berriak gehitzen joango dira. Halaber, formazio-topaketa bat eskainiko zaie bailarako kiroldegietako begiraleei, azaroaren 28an, Elgoibarko kiroldegian. Bertan, euskal musikaren bilduma aurkezteaz gain, areto txirrindularitzako saioetarako musika nahasteko baliabide informatikoak erabiltzen ikasteko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.