Soraluzeko EAJko Udal taldea prest azaldu da 2015ko udal aurrekontuen lanketan eta negoziazioan parte hartzeko eta Bilduko udal gobernuari eskua luzatzen dio akordioetara iristeko.
Bozeramaile jeltzalea den Iker Aldazabalek adierazi du, bere taldearen helburua udal kontuak onartzea dela udalean ordezkaritza duten beste alderdiekin, “horrek esan nahiko lukeelako aurrekontuaren ildo nagusiak denen artean adostea eta partekatzea posible izan dela”.
Zentzu honetan, Aldazabalek jakinarazi du, bere taldearentzat, zeintzuk izango diren aurrekontuetan isla izan behar duten lehentasunak. Langabeziari aurre egiteko 50.000€ tako partida bat zehaztea eskatuko dute.Helburua; langabetuak kontratatzea, udal mantenu lanak burutzeko. Premia larria baitago “Herriko kaleetatik eta gune berdeetatik buelta bat ematea besterik ez dago, dauden egoera penagarriaz jabetzeko”. Bestalde gaineratu du, “ulergaitza egiten zaigu, udalak bere aldetik ezer ez egitea langabeziari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez 4 kontratazio burutu dituenean eta 3 Foru Aldundiak”
2015. urtean gauzatzeko proiektuen artean, kiroldegi gaina egokitzeko diru partida bat zehaztea ere proposatuko dute. Asmoa, kiroldegi gaina herritarrei irekitzea da. “Bigarren fasea izango litzateke, zeren eta aurten irisgarritasuna bermatzeko arrapala bat egingo baita” gaineratu du.
Bestalde, Aldazabalek nabarmendu du, hirigintza,euskara,kultura,landa gunea emakumearen arloa eta ingurugiroa ere kontutan edukiko dituztela eta proposamen zehatzak mahai gaineratuko dituztela aurrekontuen eztabaidan.
Azkenik, gogorarazi nahi izan du, azken hiru urte hauetan, bere taldearen abstentzioari esker udal aurrekontuak onartzea posible izan dela. “Gure taldeak Soraluzeko herriarekiko duen konpromiso eta erantzukizunaren isla garbia, ulertzen baitugu, oposizioaren papera, krisi egoera latz honetan, hori bai, gobernuaren kudeaketa eza, beti ere salatuz, proposamenak egitea eta erantzukizunez jokatzea dela, herriaren eta bertako bizilagunen mesedetan”.