"Euskal musikagintzaren egoeraz jarduteko aukera ederra izango dugu bihar" J. Eskisabel

plaentxia_com 2014ko aza. 17a, 13:07

Jon Eskisabel kazetaria Badok.info Berriaren euskal musikarien ataria aurkeztera dator bihar 19:00etan Gaztelupe tabernara. Euskarazko musika hedatu eta sustatzeko sortu zuten Badok 2009. urtean eta joan den maiatzean berritu zuten ataria "eginkizun hori era eraginkorrago batez betetzeko". Ia bi mila disko, 13.000 kantu eta ehunka musikariren informazio biografikoa kontsultatzeko aukera ematen du atariak. Hemen Eskisabelek biharkoaz kontatutakoa

 

Jon Eskisabel Urtuzaga  (Lasarte-Oria,1969)

Berria egunkariko kultura-saileko kazetaria izan da 2003.urtetik 2011ra bitartean. Aurretik hamar urte egin zituen Euskaldunon Egunkaria-n, hainbat sailetan lan eginez. Itoiz taldeari buruzko biografia bat idatzi du, Itoiz, hari xingle bat eta Aho bete doinu, euskal kantagintzaren iragana, oraina eta geroari buruzko elkarrizketa liburuan parte hartu zuen. Gaur egun, Badok.info euskal kantagintzari buruzko interneteko atariaren arduraduna da.

Badok.info ataria aurkeztuko duzue bihar Gaztelupen. Zer da zehazki landuko duzuena?

Joan den maiatzean berritu genuen Badok.info, Berriaren euskal musikarien ataria eta eduki, diseinu eta helburu berriak aurkezteko gonbidatu ninduten Gaztelupekoek. Atariaren berrikuntza nagusiak azaltzearekin batera, batzen diren musikazaleei gaur egun euskal musikak bizi duen egoeraz solasteko aukera eskaini nahi diegu; euskal musikagintzaren egoeraz eta diskogintzaz jarduteko aukera ederra izango da biharkoa.

Zeintzuk dira, bada, atarian egin dituzuen aldaketak?

Badok, datu base moduan sortu zen 2009. urtean eta euskal kantagintzaren inguruko kontsulta eta dokumentazio tresna moduan erabilia izan da; entziklopedia funtzioa bete duela esan daiteke. Euskal kantagintzak azken 50 urteetan izan duen aldaketa kontsultatzeko tresna orain ere bada, baina bi adar gehiago gehitu dizkiogu: musika entzuteko plataforma eta azken nobedadeen inguruko informazioa eskaintzen duen "Aldizkaria" atala. Plataformarekin gure atarian dauden ia diskografia guztiak entzun daitezke erreproduktoreen bitartez, 13.000 kantu guztira; eta kantuak segidan entzuteko zerrendak egin daitezke. Bestetik, Bodok-en ekoizten ari denaren berri ematen dugu, aktualitatea jarraitzen dugu, musikariak zertan dauden eta zer adierazi nahi duten kontatzen dugu, disko berrien kantuak aurreratzen ditugu, gogoeta egiten da lau blogariren eskutik... .

Epa laburrera zein helburu dituzue?

Badok plataformak erraztu egin du euskal musikara iristea eta entzutea. Eskurago jarri dio zaleari eta gehiago ezagutaraztea da asmoetako bat. Erabiltzaile kopuru bat osatu nahi dugu, Badok-en sartzeko ohitura hartuko duena musika entzutera, partekartzera... . Finean, erabiltzaile kopuru bat erakarri nahi dugu Badok-era. Taldeak erakartzea ere bada gure beste helburu bat, euren lanaren berri emateko tresna erakargarria dela ikustarazi behar diegu; eta horrenbeste diskoetxeekin, ulertu dezaten Badok euren zerbitzura dagoen tresna dela.

http://www.badok.info/

Aurkezpena bihar (azaroak 18), 19:00etan, Gaztelupeko Billie gunean.