{mosimage}Alex Lopez (1973, Zarautz)
GOIENER kooperatibako bazkide eta komunikazio koordinatzailea
GOIENER energia kooperatiba zer den eta zein helburu dituen azaltzera dator Alex Lopez zarauztarra, azaroaren 3an, 19:00etan kiroldegiko erakustaretora. 2012an energia berriztagarrien erabilera sustatu eta merkatu elektrikoaren inguruko eztabaida bultzatzeko sortu zuten GOIENER hogeita hamabi bazkidek. Egun, 2.200 baino gehiago dira eta goraka doa.
Zer da Goiener?
GOIENER euskal energia kooperatiba bat da, irabazi asmorik gabekoa. %100 jatorri berriztagarria duen argindarra zuzenean erosten dugu merkatuan gure bazkideentzako. Gaur egungo komertzializatzaile handien aurrean aukera bat gara.
Gizarte-partaidetzarako tresna gardena gara; horregatik, herritarren parte-hartzea bultzatu nahi dugu, eta herritarren, enpresen eta administrazioen ekintza txiki asko elkartu.
Nortzuk osatzen duzue?
GOIENER norbanakoz eta hainbat gizarte eragileez osatutako kooperatiba da. Kooperatiba izanik, berdin dio zein den zure kontsumoa edo diru ekarpena kooperatibara. Bazkide bakoitzak boto bat du asanbladan. Gure bazkideen artean enpresak, udaletxeak, beste kooperatiba batzuk, ikastolak eta sindikatuak ditugu.
Nola sortu zenuten? Noiz?
2012an sortu zen GOIENER, GOIEKIREN Ideia Berrien sariaren laguntzarekin. 32 bazkide-
sustatzailerekin hasi zen, eta 2014ko urrian 2.200 bazkide baino gehiago ditu.
Epe motzeko helburua:
Kooperatiba sendotu nahi dugu, bai ekonomikoki eta baita azpiegitura aldetik ere. Gure kalkuluen arabera bi edo hiru urteetan lortuko dugu. Horretarako liberatutako pertsonen aldeko apustua egin dugu, lanpostuak sortu zerbitzua profesionalizatzeko eta bolondresek orain arte zeramaten karga arintzen joateko. Iaz lanpostu bat sortu genuen, eta aurten beste bat sortu dugu; urte amaierarako bi lanpostu gehiago izango ditugu lanaldi erdikoak.
Horretaz gain sorkuntza proiektuak ere aurrera eraman nahi ditugu eta urtea amaitu baino lehen bazkideei proiekturen bat aurkeztu nahi diegu. Gure energia sortzen hasi nahi dugu.
Luzera begira:
Epe luzera erreferentzi bat izan nahi dugu Euskal Herrian eta gizarte mailan sare sozial trinko bat eraiki Euskal gizarteko aktore ahalik eta gehienekin. Sortu ginenetik horretan gabiltza.
Euskal Herrian burujabetza energetikoa lortzera bidean tresna bat izan nahi dugu. Burujabetza energetikoa ez da bakarrik energiaren gaineko kontrola izatea, erabilera eta kontsumo arduratsu eta jasankor bat egitea ere bada. Gehiago kontsumitzeak ez du esan nahi hobeto biziko garenik. Guk ez dugu hazkunde ekonomikoa defendatzen, baizik eta garapen ekonomikoa. Dirua erabili beste xede batzuekin etekin ekonomikoaz haratago.
Horrek esan nahi du GOIENERek ez duela dirurik irabaziko? Ez. Hori esan nahi du GOIENERek irabazten duen dirua ez duela diru gehiago irabazteko erabiliko.
Zein energia mota erabiltzen duzue?
%100 jatorri berriztagarria duen energia bakarrik erosten dugu merkatuan.
Zeri deitzen diozue energia berriztagarria?
Mini-hidraulikoa: Instalazio hidroelektriko txikiak asko erabili izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Energiaren Euskal Erakundeak martxan jarritako programa baten ondorioz, 2008. urte bukaeran, ehungarren zentral hidroelektriko txikia ipini zuten (10 MW baino potentzia txikiagokoa). EAE Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzen den berriztagarriaren %7a da energia hidroelektrikoa.
Mini-eolikoa: Euskal Autonomia Erkidegoaren Energia Estrategian (3E-2010), hiru instalazio mota sartzen dira: parke eolikoak, mini-parke eolikoak eta mini-aerosorgailuak. Hidroelektrikoak bezala, erkidegoan kontsumitzen den berriztagarriaren %7a da energia eolikoa. Hala ere, kooperatibakook uste dugu teknologia zailagoa dela hori, urri direlako hori instalatzeko baliabide eolikoak eta behar bezalako lekuak.
Eguzki fotoboltaikoa: EAEn, 2.000 instalazio baino gehiago daude, gehienak potentzia txikikoak sare elektrikotik aparteko lekuetarako edo 5 eta 100 kW arteko potentziakoak. Instalatzeko teknologiarik errazenetakoa da GOIENERentzat; izan ere, laguntzak kendu badituzte ere, asko merkatu da teknologia hori.
Kogenerazio-biomasa: Diotenez, hurrengo urteetan gehiena ugarituko den teknologia
da, balioa hartzen ari baitira hondakin organikoak, basokoak, nekazaritzakoak, Ur Zikinen Araztegietako lohiak eta nekazaritza-esplotazioetako purinak. Prozesatu eta gero, Hiri Hondakin Solidoak erregai edo biogas bihur daitezke, eta, hortik, elektrizitatea edo beroa lortu. GOIENERen, interesgarria iruditzen zaigu ez oso epe luzera begira.
Itsas teknologia: Teknologia mota hori ez dago, nolabait esateko, merkaturatzeko moduan, eta ez dirudi prest egongo denik gutxi barru. GOIENERek ez du erabiliko dirua komertzialki bideragarriak ez diren proiektuetarako edo interesgarria ez bada gizarterako.
Nondik jasotzen duzue?
Oraingoz POOL deritzon merkatu zentralean erosten dugu gure energia guztia, baina pixkanaka, akordioen bitartez, gure inguruko produktore txikiei eta guk sortuko ditugun generazio proiektuetatik joango gara energia hori erosten.
Zein ezberdintasun dago gainontzeko argindar konpainietatik?
Ezberdintasun nagusiena da, alde batetik euskal kooperatiba bat garela eta bestalde %100 energia berriztagarria erosten dugula.
Prezio aldetik, garestiagoa al da?
Ez. Ez dago benetako konpetentziarik eta komertzializatzaile ezberdinen artean egon daitezkeen aldeak ez dira bereziki nabarmenak. Bataz bestekoaren azpitik gaude, kasu gehienetan berdina edo gutxiago ordainduko duzu.
Hala ez bada, zergatik gainontzekoek ez dituzte energia berriztagarriak erabiltzen?
Geroz eta komertzializatzaile gehiago ari dira berriztagarriak eskeintzen. Baina enpresa handiei ez zaie interesatzen berriztagarriak bultzatzea eta merkatuaren %80a inguru kontrolatzen dute. Alde batetik 2008ko krisialdia hasi zenetik argindarraren kontsumoa etengabe jaisten joan delako. Horren ondorioz, argindarra gasarekin sortzeko egin zituzten inbertsioak ziklo konbinatuzko instalakuntzetan, ezin dituzte berreskuratu ez badute argindarra ekoizten instalakuntza horiekin, eta bestalde berriztagarriak energiaren salneurria jaisten dute.
Adibidez, edozeinek jarri ditzake eguzki plaka batzuk bere etxean eta bere energia ekoiztu; soberakinik badu sarera bota eta falta bazaio bertatik hartuko du. Eskema hori ez zaie interesatzen enpresa handiei, orain duten kontrol eta etekin ekonomikoak galduko zituzketelako. Horregatik autokontsumoa ez dute arautu eta gobernu aldaketa bat egon arte ez da arautuko, edo ez behintzat autokontsumoa bultzatzeko. Portugalen orain dela egun batzuk jarri dute martxan.
Posible litzateke Euskal Herriko etxe guztiak energia berriztagarriekin elikatzea?
Bai, posible da, baina ondorengo datuak izan behar ditugu kontutan. Gure energia kontsumoaren %25 inguru bakarrik da argindarra (EVE 2013), beste dena erregai fosiletatik lortzen dugu (ikatza, gasa eta petroleoa). Euskal Herriko argindarraren kontsumoaren %80a baino gehiago industria eta zerbitzuak dira (EVE 2013). Etxeetako kontsumoa ez da ailegatzen %20ra, beraz posible da etxe guztiak berriztagarriekin elikatzea, baina horrekin bakarrik ez genukeen energia arazoa konponduko.
Ekuazio konplexu honetan faktore asko daude eta faktore garrantzitsuena gure kontsumo maila da alor guztietan. Txipa aldatu beharra daukagu eta GOIENER txip hori aldatzen laguntzeko tresna bat izan nahi du.
Ez duguna ulertzen ezin dugu aldatu, horregatik horrenbeste hitzaldi ematen ditugu Euskal Herri osoan zehar, alde batetik kooperatiba ezagutarazteko eta bestalde energiaren inguruan dugun arazoaren gainean argi pixka bat emateko.
Zergatik kontratatu Goiener?
Esan diezazuket zergatik ez kontratatu, bakarrik salneurri on baten bila bazabiltza ahaztu. GOIENER ez da komertzializatzaile soil bat. Atzetik gauza gehiago daude.
Etxean obrarik egin behar al da?
Ez da inolako aldaketarik egin behar instalakuntzan.
Herritarrak nola egin daitezke bazkide? Zein da bidea?
Bazkidetzeko bi era daude: internet bidez www.goiener.com helbidean edo fisikoki Ordizian eta Gasteizen ditugun bulegoetan.
Baldintzarik badago?
Ez. Bazkide egiteko 100 euro ordaindu behar dira baina nahi duzunean utz dezakezu kooperatiba eta 100 euroak itzuliko zaizkizu. Argindarra kooperatibarekin kontratatzera ere ez zaude behartuta, nahiz eta gomendagarria izan.
Zer da zehazki, Soraluzen azalduko duzuena?
Alde batetik GOIENER zer den; gure jatorria, helburuak… energiaren inguruan dauden hainbat gai gainetik jorratuko ditugu. Eta bestalde merkatu elektrikoa nola dagoen antolatuta azalduko dugu, GOIENER eskema horretan non kokatzen den gehien bat. 30-40 minutuko hitzaldia izango da eta ondoren parte hartzaileekin berbetaldia zabalduko dugu.
Mesfidati dagoenari zer esango zenioke?
Hitzaldira agertzeko eta lehen eskuko informazioa jaso dezala.