Liztor beltzaren bost habia pozoitu dituzte gaur goizean Debemeneko teknikariek

plaentxia_com 2014ko urr. 30a, 12:21

Gila osteko Txaran, Ezozi bidean, Sagar-errekan, Keixetako erreka-zuloan eta Carmelo Mendizabal lantegiko teilatupeko habiak pozoitzen dihardute. Pertika baten laguntzaz habia barrura pozoia sartzen diete eta egun baten buruan liztor denak hiltzen ditu. Irudia: Ezozi Bideko habia pozoitzen.

 
Urtea hasi zenetik herrian hamar habi kendu dituzte, Debabarrenean 80 inguru, eta 700 bat Gipuzkoan. Teknikariek uste dute datorren urtean egoerak okerrera egin dezakeela.
 
Gila osteko Txaran eta herriaren erdiguneko beste hainbat lekutan habiak azaldu direnean, zabaldu da herrian liztor beltzarekiko kezka. Debemeneko teknikariek hilabete batzuk lehenago ikusi dute zela ari den liztorra gero eta gehiago zabaltzen. “Denera zabaldu da eta orain astero-astero egin behar izaten ditugu irteerak” diosku Debemeneko teknikariak. Azkeneko astean bakarrik, hamaika habia kendu dituzte Debabarreneko herrietan.
 
{mosimage}
Protokoloa

Herritarrek parte ematean jartzen da martxan protokoloa. Habia dagoen lekura joan eta liztorrak hiltzeko erabili beharreko sistema aukeratzen dute. Pozoitu egiten dituzte pertikarekin heltzeko aukera duten kasuetan, eta suzko armekin tirokatu pertikarekin heltzeko urrunegi daudenean. Bi egunen buruan liztor denak hiltzen ei dira, ugaltzeko ahalmena duten erreginak barne. Babes neurri zorrotzak hartzen dituzte, “liztorrek pozoia jaurti edo haginka egin dezakete, hainbat aldiz, pertsona hiltzeraino ere bai”. Normalean ez ei dute erasotzen baina “habia ukituz gero oso arriskutsuak dira”.

{mosimage}
Kalte izugarria

Jatorri asiarreko liztor beltzak ez du oraingoz aurkari naturalik inguru hauetan. Hori dela eta, neurri barik ari da ugaltzen eta Aitorren esanetan izugarria da ekosistemari eragiten ari zaion kaltea. “Inguruko erle guztiak jaten ari da, horrek polinizazioarendako dakarren arriskuarekin”. Teknikariak ezkor dira, “ahalegin berezirik egin barik horrenbeste habia azaldu baldin badira, batek daki zenbat egon daitezkeen mendian. Neguan habiak laga eta lur azpian gordeko dira eta ikusiko dugu udaberrian zer gertatzen den”.

{mosimage}