Iaz, 8.000 saskitik gora banatu eta 112.000 euro lortu ziren Nafar hegoaldeko euskalgintzarako. Erriberan euskararen egoera benetan larria dela aipatu dute Errigora kanpainaren arduradunek: "Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan euskaldunak %3,9 gara eta euskaraz ikasi ahal izateko, 1.400dik gora haurrek batazbeste egunero 20 kilometro egin behar dituzte ikastolara joateko".
Azken urteetan nekazaritzak ere sekulako gainbehera jasan duela azpimarratu dute "bertakoak kontsumitu ez eta urrunetik ekarritako zainzuri, piper edota olioak eragin nabarmena izan du Nafar baratzetan".
Nekazaritza eta euskara otar berean
Hartara, euskara eta nekazaritza uztartu eta biei bultzada emateko "Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puska" kanpaina jarri dute bigarrengoz martxan. Bi helburu zehatz dituzte: Nafarroako produktuak Euskal Herrian kontsumitzeko bertako nekazariei bultzada eman eta aldi berean, euskalgintzan diharduten hainbat elkarteri laguntzea. Gaur hasi eta azaroaren 12a bitartean saltzen diren otarrekin lortutako irabazien %25a Erriberako ikastolei, Euskaraz bizi elkarteari eta AEKri laguntzeko erabiliko da.
Izena eman eta otarra etxean jaso
Otarrak merkatu prezioan daude salgai, 50 euroan, eta Soraluzen izen-ematea zabalik da Gaztelupe, Arrano, Pil-pileanean (943 751304) edota errigorasoraluze@gmail.com helbidean.