Soraren jardunean euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu dute gaur, Udalak eta futbol taldeak. Hiart Arluziaga alkatearen hitzetan “euskararen erabilerari dagokion errealitatea iluna da futbolaren munduan, erdera izaten da nagusi entrenamendu zein partiduetan eta horrek eragin handia du ezbairik gabe gaztetxoen hizkuntza joeretan”. Udalak ahalegin berezia egin nahi izan du futbolaren mundua euskaldundu eta ume eta gaztetxoen artean ere erabilera sustatzeko. Hartara, Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren baitan, kirol arloko material didaktikoa, entrenatzaileen beharretara egokitutako trebakuntza, itzulpenak eta erredakzioak egiteko laguntza teknikoa eta aholkularitza eskainiko dio Udaleko Euskara Zerbitzuak Sora futbol taldeari.
Hiru konpromiso
Sorak, bere aldetik, hiru konpromiso hartu dituela beregain azaldu du Mikel Leunda, euskara eta kultur teknikariak: barne eta kanpo komunikazioa eta funtzionamendua euskaraz izatea (seinaleak, bilera deialdiak, barne harremanak...), entrenatzaileak Futbol Eskolako Eskua egitasmoan parte hartzea, kirol teknifikazio maila hobetu eta jokalari zein gurasoekin euskara, lidergoa eta adimen emozionala moduko edukiak landu ditzaten eta entrenamendu eta partidetan euskara gailentzea, Benamin eta Alebin mailetan batez ere. Hitzartutakoa bete ezkero, 3000 euroko dirulaguntza jasoko du futbol taldeak, 1000 euro konpromiso bakoitzeko.
Iaztik dihardutela futbol taldea euskaldundu nahian eta hitzarmena gaur sinatu bada ere, aurre-lanketa bat eginda dagoela gehitu du Mikel Leundak, “esaterako, denboraldiko Sorako entrenatzaile guztiak euskaldunak dira”. Sinatutakoa 2014-2015 urterako hitzarmena dela baina beteko balitz datozen urteetan berritu egingo dela gehitu du.
Sorak prestutasun osoa
Migel Angel Cenzualek hartu du hitza gero eta bere esanetan “Sorak oso serio hartuko du hitzartutakoa, benetan garrantzitsua baita herriko gazteenen artean euskara sustatzea. Jakin badakigu Sorako taldeetan herriko gazteen portzentaje handi batek jokatzen duela eta garrantzitsua iruditzen zaigu entrenatzaile zein jokalarien artean harremanak sustatu eta euskaraz aritzea”.
{mosimage}
{mosimage}
{mosimage}
{mosimage}