Ibai Lagun egitasmoaren baitan, Alkarrekin Soraluze Eginez, Soraluze Zero Zabor eta Debegesa Garapen Agentziak Deba ibaia auzolanean garbitzeko egitasmoa eta hondakinen inguruko sentsilizazio jardunaldiak antolatu ditu Soraluzen. Zapatuan, (urriak 25) egingo da ekimena eta herritar guztiak, txiki zein handi, egun honetako ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte.
“Gure eskualdeko ibaiak azken mendean oso zikinak ikusi ohi izan ditugu eta dagoeneko egoera honetara ohitu gara, askotan ibaiei bizkarra emanez. Ibaietan hondakinak eta mota guztietako zaborra pilatzen da, hein handi batean, gizakion arduragabekeriagatik”. Hartara, ibaiaren ingurumen-balioa zaindu eta mantentzeko sentsibilizazio-lana egitea du helburu ekimen honek, ibai eta errekak garbi mantentzeko bidean, herritarrak protagonista bihurtuz.
Garbiketa, tailerra eta luntxa
Goizeko 10:00etarako zehaztu dute hitzordua Plaza Zaharrean. Parte hartzaileek arropa erosoak eta zapata egokiak eraman beharko dituzte; eta garbiketarako beharrezko diren eskularruak, zabor-poltsak, guraizeak… antolatzaileek eramango dituzte.
10:00etan, aurkezpena egin ostean, hasiko da garbiketa saioa Plaza Zaharretik Gaztetxe aldera eta Ezoziko Amaren Etorbideko errotondaraino. Ordu eta erdiz garbitze-lanak egin ondoren, ibaitik ateratako zakar eta hondakinak Plaza Zaharrean utziko dira gainerako herritarrek zenbat zabor jaso den ikus dezaten. Bestalde, Soraluze Zero Zabor taldeak hondakinen jatorriaz eta birziklapenaz jarduteko tailerra eskainiko du, ume eta nagusiei zuzendua eta goizari amaiera eman eta parte hartzaile guztiei eskerrak emateko asmoz, 12:30etan Txoko kafetegian luntxa eskainiko da.
Izen-ematea zapatuan bertan, plazan
Ibaia garbitzeko boluntarioen inskripzioak egunean bertan egingo dira, goizeko 10:00etan Plaza Zaharrean.
Egitaraua:
10:00 Plaza Zaharrean irteera
• Inskripzioak egin, eguneko dinamikaren azalpenak, material banaketa.
• Antolatzaileek ibaiaren garbiketarako beharrezko materiala banatuko dute (eskularruak, orgatilak, poltsak…)
• Parte hartzaileek, arropa eta oinetako egokiak ekarri beharko dituzte
10:10 Aurkezpena
10:20 Ibaia garbitzeko jardunaldia
12:00 Hondakinen pilaketa eta sailkapena
- Sentsibilizazio tailerrak egongo dira umetxo zein nagusiendako, Soraluze Zero Zabor taldeak antolatuta.
12:30 Luntxa