Iban Fulgenciok eta Maikel eta Kaiet Castrok Debabarrenako BTT martxan parte hartu dute

plaentxia_com 2014ko urr. 21a, 08:00

373 mendi bizikleta zale batu ziren domekan, Debabarrenako BTT martxako irteera gunean, tartean Iban Fulgencio eta Maikel eta Kaiet Castro soraluzetarrak. Parte-hartzaileek bi ibilbide zituzten aukeran, bata 25 kilometrokoa eta bestea 45 kilometrokoa, biak ala biak Karakate mendia zeharkatzeko prestatuak. Asteburuko beroari esker ibilbidea lehor eta lokatzik gabe aukitu zutela eta goiza "aparteko gertakari aipagarririk gabe" igaro zela aipatu dute. Irudian, plaentxiatarrak

 
Domekan ospatu zen Debabarrenako mendi bizikleta martxaren seigarren edizioa. Goizean goizetik txirrindularien joan-etorria nabarmena izan zen Elgoibarren. 373 lagun batu ziren Mintxeta Kirolgunean bizikleta zaleentzat dagoeneko saihestezina bihurtu den BTT Martxan parte hartzeko gogoz. Horien artean, 6 emakumezko baino ez (3 eskualdekoak: bi elgoibartarrak eta bat Mallabikoa). Jatorriari dagokionez, parte-hartzaile gehientsuenak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak izan ziren, horietako asko eskualdekoak, baina beste leku askotatik ere iritsi ziren: Burgos (3), Asturias (2), Huesca (1), Leon (1), Errioxa (1), Tarragona (1) eta Zamora (1). Frantziatik ere, Essonne departamentutik, bizikleta zale hurbildu zen. Soraluzetik hiru txirrindularik hartu zuten parte, Iban Fulgenciok eta Maikel eta Kaiet Castrok.

Goiza aparteko gertakari aipagarririk gabe
Goizeko 9:00etan eman zitzaion hasiera probari. Parte-hartzaileek bi ibilbide zituzten aukeran, bata 25 kilometrokoa eta bestea 45 kilometrokoa, biak Karakate mendia zeharkatzeko prestatuak. Ibilbidea urte batetik bestera zertxobait aldatzen dute arduradunek eta aurten bizikleta zaleek sorpresatxoa izan zuten amaiera aldera, Karakatetik Mintxetara jaitsiera tekniko zail samarra baina ederra, pagadi artean, gozatzeko modukoa. Ibilbidea lehor eta lokatzik gabe aukitu zuten parte-hartzaileek eta goiza aparteko gertakari aipagarririk gabe igaro zen. Erorketarik ez, gurpilen bat edo beste zulatu zen baina Eibarko CDR bizikleta dendari esker, laguntza teknikorako guneak jarri ziren.

Anoa guneak eta oparien zozketa
Beroari aurre egiteko jan-edanik ez zen falta izan. Urtero bezala 3 anoa postu ipini ziren ibilbidean zehar eta laugarren bat helmuga puntuan, Mintxeta Kirolgunean. Halaber, Behin proba amaituta, sarien banaketa egin zen. Parte-hartzaile guztien artean 44 opari zozkatu zituzten, eskualdeko kirol zein turismo arloko enpresei lotutakoak: asteburuko egonaldiak, bazkariak edo afariak, kirol materiala, produktu gastronomikoak...

Boluntarioei esker ona
Antolatzaileek, Debegesa garapen agentziak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, bizikleta zaleen parte-hartzea eskertzeaz gainera, boluntarioen lan ikaragarria txalotu nahi izan dute. Urtez urte, 50 inguru boluntario izaten dira lanean Debabarreneko BTT Martxa arrakastatsua izan dadin eta horiei guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete: Elgoibarko Atletismo Kluba, Kisale, Bikeibar, Ameikutz, Debemen, eta beste hainbat lagun eta bizikleta zaleei.

 
{mosimage}
{mosimage}
{mosimage}
{mosimage}