Soraluze eta Bergara lotzen dituen Antxintxika krosa azaroaren 2an jokatuko da

plaentxia_com 2014ko urr. 20a, 08:30

Aurten ere lau modalitatetan lehiatzeko aukera dago; korrika, patinetan, gurpildun aulkian edo handbikean eta izen-ematea urriaren 31a baino lehen egin behar da www.kirolprobak.com webgunean, 15 euro ordainduta. Goizeko 1:00etan abiatu eta 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek, Estazino kaletik irten eta Bergarako San Martin plazaraino. Ikusi promoziorako grabatu duten bideoa!
 

10 urte beteko ditu aurten Arrasateko Triatloi Taldeak antolatutako Antxintxika lasterketak. Parte hartzaileak Estaziño kaletik abiatuko dira eta Bergarako San Martin plazan bukatuko dute 10 kilometroko ibilbidea duen froga.

Irteten lehenak gurpildun aulkian eta handbikean doazenak izango dira, goizeko 11:00etan. Hauen atzetik patinen gainean doazenak, 11:15ean eta azken lekuan korrikalariak, 11:30ean. Lasterketako izen ematea www.kirolprobak.com webgunean egin behar da, urriaren 31a baino lehen 15 euro ordainduta. Parte hartzeko baldintza bakarra 16 urtetik goragokoa izatea da.

Iaz Euskal Herri osoko 400 korrikalarik parte hartu zuten, tartean 9 soraluzetarrek. Azkarrenak Samali Abdelmali eta Monika Rodriguez izan ziren.