Zergak izoztu egingo dira eta hondakin organikoak bereizten dituztenek hobariak izango dituzte

plaentxia_com 2014ko urr. 16a, 14:08

Aurten KPI-ak indize negatiboa eman duela eta, 2015. urteko zergak ez igotzea eta bere horretan izoztea onartu zuten atzo udalbatzarrean, Bildu eta PSE-EE alderdien aldeko 6 bozka eta EAJren abstentzioarekin. Hondakin organikoak bereizteko bosgarren edukiontzia erabili edo konposta egiten duten herritarrek, %3tik %10 arteko hobariak izango dituzte; baita peatonalizazioa dela eta terrazak egun osoan jarri ezin dituzten tabernariek ere. Azken hauek %20koa. 

 

Mikel Santiago Bilduko zinegotziaren presentzia gabe, 19:00ak pasata zirela hasi zen atzoko udalbatzarra. 10 ziren tratatu beharreko gaiak baina 2015eko ordenantza fiskalek eman zuten zeresanik gehien.

Kontsumo Prezioen Indizeak (KPI) gorakadarik izan ez duela eta, 2015eko tasak izoztea proposatu zuen Udal Gobernu Taldeak, hainbat salbuespenekin: hondakin organikoak bereizteko bosgarren edukiontzia erabili edo konposta egiten dutenek %3ko eta %10eko hobariak jasotzea eta peatonalizazioa dela-eta terrazak egun osoan zehar jarri ezin dituzten tabernariek %20ko hobaria izatea.

Mankomunitateari 6623 euro gutxiago

Hiart Arluziaga alkateak azaldutakoaren arabera, "hondakin organikoak edukiontzi marroian batzearen ondorioz, udalak zaborregatik urtean ordaindu beharreko kuota jaitsi egin da, 6623 euro gutxiago ordaindu beharko dizkio mankomunitateari eta jaitsiera hori herritarrei itzuli nahi izan zaie, tasak %3 murriztuz". Konposta edo auzokonposta egiten duten herritarrek berriz, "organikoa zirkuitotik ateratzen dutela" eta horrek "tratamendu kostu guztiak desagerrarazi egiten dituenez %10eko hobaria aplikatzea" erabaki dutela azpimarratu zuen. 

2015eko tasak izoztu egingo dira

Aldeko 6 bozka (Bildu eta PSE-EE) eta EAJren abstentzioarekin onartu egin zen Udal Gobernu Taldeak proposatutako ordenantza fiskala. Boto azalpenean Iker Aldazabalek, EAJko bozeramaileak hartu zuen hitza eta "2015ko ordenantza fiskalei dagokionean hauek izoztea" planteatu dutela eta abstentzioarekin aurreko urteko "koherentzia bera" mantendu dutela adierazi zuen. "Gure taldea abstenitu egin da 2015ko ordenantza fiskalei dagokionean, eta hauek onartzea posible egin dugu". Hutsik dauden etxebizitzen kasuan "hartutako neurria eraginkorra ez dela iritzita, % 75ko errekargua ez aplikatzea ere proposatu dugu baina ez dute proposamena onartu".

Udal Gobernuak tasak izoztu baino bajatu egin beharko lituzkeela salatu zuen, "udalaren politika KPIaren arabera jardutea izan da eta orain, bajatu egin dela tasak izoztu nahi ditu?" "Aurreko urtean gure taldeak tasak izoztea proposatu zuenean demagogia egiten ari ginela aurpegiratu ziguten eta orain, Udal Gobernuak proposaturikoa ez al da demagogia edota irreala? esaten da denborak bakoitza bere lekuan ipintzen duela, eta hemen horrela gertatu da" gaineratu zuen.

Aho batez onartutako puntuak

R.6-SEAR hirigintza eremuaren antolamendu xehaturako plan berezia behin betiko onartu zuten aho batez, baita taxi zerbitzuaren 2015eko hiri tarifak izoztea ere. Iaz, Taxi Elkarteak hala proposatuta, taxi zerbitzuetako hiri-tarifak %2a igo zituzten, aldeko zazpi bozarekin (Bildu 5, PSE-EE 2) eta EAJren 4 abstentziorekin. Dokumentuen erregistroetan idatziak aurkezteari buruz lankidetza hitzarmena aho batez onartu zen baita, eta PSE-EE udal taldeak aurkeztutako mozioak, Espainiako gobernuak alkatea zuzenean hautatzeko LOREGen egin nahi duen aldaketari aurre egiteari buruzkoa, alderdi guztien aldeko bozka jaso zuen.

Aurkeztutako mozioak

Bi izan ziren KUTXARI buruz aurkeztu zirenak; lehenak, EAJk aurkeztutakoa, Kutxa banku fundazio bihurtzearen alde agertzen da; Bilduk aurkeztutakoak berriz, Kutxabanken kontrol publiko eta soziala aldarrikatzen du. Aldeko 6 bozka (EAJ, PSE-EE) eta kontrako 4ekin (Bildu) EAJk aurkeztutakoa onartu zen.

Katalanei elkartasuna

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Kontsulta suspenditzeko erabakiaren aurkako mozioa bateratua ere aurkeztu zuten Bilduk eta EAJk. Zehazki kataluniarrei elkartasuna adieraztea zuten helburu eta PSE-EEk kontran bozkatu arren, onartu egin zen. Soldedad del Bosque PSE-EEko bozeramaileak adierazi zuenez, "konstituzioa bere horretan mantentzen den bitartean, PSE-EEk ezingo du kontsultaren alde bozkatu. Aldatu dezagun konstituzioa eta orduan eztabaidatuko dugu".

Eskari eta galderetan Luis Platak hartu zuen hitza

Iraola-Etxebarri baserriko jabea den Luis Platak salatu zuen, Irureko urak bideratzeko lanak direla eta, “bere lur eremua erditik zatitu eta 5000 metro karratu inguru desjabetu” nahi dizkiola Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2011. urtean bere lurretan gertatutako luiziaren ondorioak “berriz ere berak pairatuko dituela, eta ez beste inork” gaineratu zuen.

Azaroaren iturburua urak ez direla, baizik eta modu ilegalean eraikitako hondakindegia dela gaineratu zuen eta egin nahi dituzten lanokin, “arazoaren zati bat soilik” konponduko dela. Berak, Irureko lanak osotasunean azter daitezela eskatzen du eta jakinarazi diotenez, hilabeteko epea du alegazioak aurkezteko. Hartara, udaleko ordezkari guztiei, euren laguntza eta babesa eskatu nahi izan zien, “arazo hau ez da nirea soilik, soraluzetar guztiena da eta nik bakarrik ez, baina denon artean egitasmoa geratu dezakegula uste dut” argudiatuta.

2011ko azaroan gertatutako luiziak

 

Irure urak1 from PlaentxiaTB on Vimeo.