Urriaren 19an egingo da, igandez, Debabarrena Btt martxaren seigarren edizioa eta izena emateko epea zabalik dago www.kirolprobak.com webgunean, urriaren 17ra arte (23:59). Egunean bertan ez da egongo izena emateko aukerarik. Txirrindularitzan federatuek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta federatuta ez daudenek, 15euro. Tarifa hauek urriaren 15a arte mantenduko dira, egun horretatik aurrera 3 euro garestiagoa izango da inskripzioa.
Ibilbidea: Mintxeta-Karakate-Mintxeta
Aurten ere bi ibilbide egongo dira aukeran: bata 25 kilometrokoa eta bestea 45 kilometrokoa. Zailtasun maila altuko ibilbidea da lehena eta oso altukoa bigarrena. Biak ere Karakate mendian, paraje ederrak zeharkatzeko prestatuak. Arduradunen esanetan hori baita proba honen helburua “partaide guztiei, bertakoei zein kanpotik etorritakoei, mendi bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzea eta Debabarreneko BTT Zentroak dituen ibilbide ikusgarriak ezagutzera ematea”.
Ordutegiari dagokionean, goizeko 9:00etan emango zaio hasiera probari. Ohi bezala, irteera eta helmuga puntua Elgoibarko Mintxeta Kirolgunean egongo da. Akreditazioak probaren egunean bertan jasoko dira, 8:00etatik 8:45era, irteera puntuan eta parte-hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute opari.
Horrez gainera, behin proba amaitutakoan, partaide guztien artean opari ugari zozkatuko dira, eskualdeko kirol zein turismo arloko enpresei esker: asteburuko egonaldiak, bazkariak edo afariak, kirol materiala, produktu gastronomikoak...
%15eko deskontuak eskualdeko ostatu eta jatetxeetan
BTT martxako antolakuntzaren helburuetako bat “urtez-urte eskualdeko mugetatik kanpoko parte-hartzaile kopurua handitzen joatea” da. Hori dela eta, iaz bezala, inguruko hainbat ostatu eta jatetxek eskaintza berezia eskainiko diete parte hartzaile eta hauen laguntzaileei.
Zehazki, proba egingo den asteburuan –urriaren 18tik 19ra- %15eko deskontua izango dute ostatua hartzerakoan edota bazkari eta afarietan. Eskaintza honetaz baliatu nahi duten parte-hartzaileek izen-ematearen ziurtagiria erakutsi besterik ez dute egin behar.
Eskaintzarekin bat egin duten ostatu eta jatetxeen zerrenda ikusteko, eta baita martxari buruzko informazio osoa ere (ibilbideak, izen-ematea, sariak) www.debabarrenaturismo.com webgunean dago aukera.