Hormen segurtasuna bermatzeko lanak hasi ditu udalak herriko lau gunetan

plaentxia_com 2014ko urr. 8a, 08:15

Sagar Erreka, Ezoziko Amaren Etorbideko biribilgunea, Atxuriko Egoitzarako bidea eta Arrizabaletako oinezkoen bideko hormetan egingo dira konponketok, udalak adierazi duenez. EAJren jarrera kritikatu du “bazekiten adierazpenak egin eta egun gutxira lanak hasiko zirela”. Irudia: Sagar Errekako lanak

 

 

 

"EAJko ordezkariek bazekiten beraiek oharra medioetan zabaldu eta egun gutxitan obrak hasiko zirela, baina zergatik ezkutatu dute datu hori? jendeak pentsa dezan obrak beraiek kexatu direlako egingo ditugula?” galdetu du udal gobernuk kaleratu duen idatzian.

Udalak jakinarazi duenez, joan den martitzenean ekin zioten haitzen edo harrien erorketak ohikoak diren eremuetan konponketa lanak egiteari. Zehazki; Sagar Errekan, Ezoziko Amaren Etorbideko biribilgunean, Atxuriko egoitzaren ondoan eta Arrizabaletako oinezkoen bidea konponduko dituzte, eta Udal Gobernuak azaldu duenez, eremu bakoitzak behar duen teknika erabiliko da: "Sagar Errekako lanak martitzenean hasi ziren GOL enpresaren aurrean. Sarea ipini dute bertan, buloiek (burdinazko barrak) eutsita. Ezoziko Amaren Etorbideko lanak gaur hasi dira. Bertan horma garbitu ostean, gunitatu egingo dute. Hau da, mailazoa eta hormigoiarekin estaliko dute horma, burdinazko barrekin indartuta hau ere" .

Adierazi dutenez, lanok amaitu ostean ekingo diete Atxuriko eta Arrizabaletako lanak burutzeari,  "hauetan ere maila edo sarea jarriko da". Lanek guztira 30.000 euro inguruko (BEZ gabe) kostua izango dute eta datorren astean amaituta egotea aurreikusten dute.

EAJk kaleratutako oharrari Gobernu Taldearen erantzuna

Joan den astean EAJk kaleratutako oharrari ere erantzun dio Udal Gobernu Taldeak. Bertan EAJk hirigintza arloan "udaletxean dagoen arduragabekeria" salatu zuen. Bereziki larria iruditzen zitzaien Atxuriko egoitzaren ondoko egoera, "urtebete pasa ostean oraindik egoera konpontzeke dagoelako". 

Gobernu taldeak azaldu duenez “EAJko ordezkariek bazekiten beraiek oharra medioetan zabaldu  eta egun gutxitan obrak hasiko zirela” eta "obren esplikazio guztiak irailaren 25eko Hirigintza Batzordean eman zitzaizkiela" azaldu dute. “Baina zergatik ezkutatu dute datu hori? jendeak pentsa dezan obrak beraiek kexatu direlako egingo ditugula?” galdegin du Gobernu Taldeak.

"Batzuentzat hauteskunde kanpaina martxan dela agerian dagoela" salatu du gobernu taldeak. “Hemendik aurrera horrelako gutun probokatzaile eta nahasgarriak erruz izango ditugula dirudi” adierazi du. Horren harira, gobernu taldeak "argi utzi nahi izan du orain arteko moduan lanean  zintzo jarraituko duela", eta “manipulazio arriskuak egonagatik legegintzaldi guztian egin duten moduan, oposizioari esku artean daukaten informazio guztia ematen jarraituko duela" .

 

{mosimage}

{mosimage}

{mosimage}