Zoru pelbikoa lantzeko tailerrean emakumeek gorputzaren zati hori landuko dute. Berdintasun batzordetik azaldu dutenez, "egungo bizimoduak sarritan gure gorputzarekin eta sentitzen dugunarekin komunikatzea eragozten digu, horregatik, kontzientzia pelbikoaren bitartez pertzepzioa handiagotzen ahaleginduko gara; arnasaz, mugimenduaz baliatuz eta gorputzari entzuten ikasiz. Hau guztia bakoitzaren erritmoa eta aurkitzen den egoera errespetatuz egingo dugu.”
Muskuluak lantzeko ariketa
Bizitza sedentarioak, ariketa abdominal tradizionalak, erditzeak eta egunerokotasuneko beste keinu batzuk (eztula, barre egitea, korrika edo salto egitea, eskailerak jaistea…) gorputzeko zenbait zonaldetako muskuluak deformatu egiten dituztela azaldu dute, faja abdominala edo perinea gunea esaterako, luzeagoak eta bigunagoak bihurtzen dituzte. Zoru pelbikoa landuaz, zonalde horiek tonifikatzea lortzen da, zoru pelbikoaren tonua handiagotuz. "Bakoitza bere funtzioa berreskuratzen joango da eta muskuluak jatorrizko egoerara itzultzen hasiko dira".
Presioak, adinak, postura txarrek, kirol edo ariketa fisikoak, eta abarrek presio aldaketak ekar ditzakete eta horrekin batera zoru pelbikoaren deformazioa eta desprogramazioa. Antolatzaileen hitzetan, “oso garrantzitsua izango da gure ongizaterako fibra muskular hauek aktibatzen joatea , forma eta indarra berreskuratuz.”
Adin guztietako emakumeentzat egokia
Tailer hau orokorrean emakume guztiei zuzenduta dago, gazteentzat (gorputza ezagutzeko eta helduagoak garenean zenbait arazo saihesteko), umeak izan dituztenentzat (erditze-ondorengo errekuperaziorako) eta helduagoentzat (izan ditzakegun arazoetatik babesteko eta ariketa fisiko osasuntsua eta arrisku gabea egiteko).Ez da beharko aurretikako prestakuntza fisiko berezirik. Ohartarazi dute, haurdun dauden emakumeek ezin izango dituztela abdominal hipopresiboak egin apnean egiten direlako.
HELBURUAK
·Zonalde pelbikoa hobeto ezagutzea: bere estruktura, perineko muskulatura eta beheko nahiz goiko abdominalen eremua.
·Zonalde honetako muskuluak tonifikatzea, flexibilitatea hartzea eta erlaxatzea.
·Zoru pelbikoa sentitzen ikastea eta harenganako kontzientzia hartzea.
·Presio abdominalak modu egokian banatzea.
·Gernu-jarioaren inkontinentzia ekiditea.
·Barruko organoen jaustea eta prolapsoa ekiditea
·Postura hobetzea: lordosi lunbarra, zerbikala eta zifosi dorsalak gutxituz
·Indarra, indar explosiboa, erresistentzia eta gaitasun anaerobikoa areagotzea
·Prestazio sexualak hobetzea baskularizazioa eta zoru pelbikora heltzen den odol kopurua areagotuz
·Emakumeen auto-estimua igotzea
·Kulturalki ahaztua izan den gure gorputzaren zati hau berreskuratzea
Ordu eta erdiko saioak izango dira, 10.30etatik 12tara, kiroldegian. Izena emateko udaletxera joan behar da edo 943 753043 telefonora deitu beharko da, urriaren 11a baino lehen. Tailerretan parte hartzeko ez da material berezirik behar. Esterillak bertan egongo direla eta arropa erosoa eta edateko ura eramatea gomendatu dute arduradunek.