Udalaren webgunean .eus domeinua jartzeko eskatu du EAJk

plaentxia_com 2014ko uzt. 21a, 21:51

Udal taldeko bozeramailea den Iker Aldazabalek dio euskararen aldeko aldarrikapen garbia litzatekeela puntu. eus bihurtzea udalak zein herriko partikular eta enpresek dituzten domeinuak. Irudia: Interneten euskara eta euskal kulturaren ikur izan dadin sustatuko den domeinua da .eus.

 

 

Soraluzeko EAJren udal taldeak, uztailaren 3an izandako Euskara batzordean Udalaren domeinua, .EUS domeinu bezala erregistratu, aktibatu eta ikusgarri izateko, Udalak, urrats guztiak eman ditzala proposatu zuen, hartara, Euskararen Egunerako, abenduaren 3an aktibatuta egon dadin.

Soraluzeko EAJko udal taldeko bozeramaile den Iker Aldazabalek adierazi du “euskararen normalizaziorako inguruan ditugun baliabide eta tresna guztiak baliatu behar ditugu eta puntu.eus domeinua gizarteratzen laguntzea ere bada herri-erakundeen eginbeharra”.

Bestetik, jarraitu du, euskaldunon komunitatea trinkotzea ezinbesteko pausua da hizkuntzaren erabilera areagotzeko”. Gogoratu du azken inkesten arabera, euskaldun kopuru altuena hiri handietan dagoela eta horrek zailtasun handiagoak sortzen dituela euskaldunen arteko harremanak sendotzeko garaian, populazioa handiagoa delako eta sakabanaketa ere, handiagoa izan daitekeelako.

Hori horrela, zinegotzi jeltzaleak adierazi du puntu.eus domeinuak lagunduko duela, “zalantzarik gabe, bai komunitate birtuala, baita erreala ere, elkartzen, are gehiago, sare sozial deritzotenak hartu duten indarra ikusita”.

Azkenik esan du prozesu horren abiarazte-aldia datorren irailaren 16tik azaroaren 18ra izango dela eta tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko direla, hain zuzen Euskararen Nazioarteko Egunean. “Horregatik, azpimarratu du, norbanakoen lanaz gain, erakunde publiko eta pribatuek ere beren aletxoa jarri behar dutela uste dugu”.