Ontzi berrerabilgarriak, produktu ekologikoen azoka eta kantu afaria zapatuan, Ingurumen Egunean

plaentxia_com 2014ko uzt. 1a, 14:50

Herrian kontsumo ohitura arduratsu eta jasangarriak sustatu asmoz, Ingurumen Eguna antolatu dute zapaturako. Goizean goiz Ontziratu Zaitez! Kanpaina abiatuko dute eta egun osoan zehar produktu ekologikoz osatutako azoka izango da. Arratsaldean xaboia, ukendu eta tinteak egiten ikasteko tailerrak eta ipuin kontalaria izango dira eta gauean kantu afaria egingo da, zero zabor filosofia oinarri hartuta. Irudian: goizeko prentsaurrea

Harategi, urdaitegi eta arrandegietako papera murriztu eta zabor gutxiago sortzeko helburuarekin, Ontziratu Zaitez! Kanpaina abiatuko dute zapatuan Soraluze Zero Zabor, Alkarrekin, Kutxa Ekogune eta udalak. Datozen asteotan plastokozko poltsen ordez tuperraren erabilera sustatuko dute, etxetik eramanez edo bestela, produktu hauek saltzen dituzten komertzioetan tuperrak erosiz (0,5 euroko prezioan). Zehazki ondorengo komertzioak dira kanpainarekin bat egin dutenak: Juan Mari arrandegia, Etxabe harategia, Iñarra harategia, Mari Mar harategia, Javier Alberdi harategia, Aitziber urdaitegia, Erosle kooperatiba, Criado frutategia, Bolintxo okindegia, Amparo autozerbitzua, Venan eta Montse autozerbitzua, Vidal frutategia eta Salon denda. Herritarrei etxean izan ditzaketen ontziak erabiltzeko deialdia egin badiete ere, kanpainarako diseinatutako tuperrak zapatuan salgai jarriko dituzte 0,50 euroko prezioan, 10:00etatik 13:00ra Zubi Nagusian jarriko den standean. Etxebizitza bakoitzeko ontzi berrerabilgarri bat eskuratu ahal izango da.

EkoBira azoka ibiltaria egun osoan zehar

Ontzi berrerabilgarriak sustatu ez ezik, kontsumo ohituta jasangarriak sustatzea ere bada Ingurumen Eguneko helburuetako bat. Hartara, EkoBira produktu ekologikoz osatutako azoka bisitatzeko aukera izango da goizeko 10:00etatik 14:30 eta 16:30etik 19:30era bitartean. Besteak beste, elikagaiak, artisautza produktuak, garbikariak, egurrezko jostailuak, berrerabiliz ekoiztu diren osagarri eta altzariak eta bidezko merkataritzako produktuak kontsumitzeko aukera egongo da.

Tailerrak ume eta helduentzat

Zapatu arratsaldean helduentzat xaboia, ukendu eta tinte naturalak egiten ikasteko tailerrak eskainiko dituzte eta umeentzat, naturarekin loturiko jolasak eta ipuin kontaketa saioa izango dira, Nerea Ariznabarretararen eskutik.

Kantu afaria, zero zabor filosofiaren baitan

Eguna amaitzeko kantu-afaria egingo da Plaza Barrixan, zero zabor filosofia oinarri hartuta. Arduradunek afalorduan “etxean erabiltzen den ontziteria” erabiliko dute eta ondoren, afaltiarrak izango dira taldeka banatuta harrikoa egiteaz arduratuko direnak. Festa borobiltzeko kantuan egingo dute, Domentx eta Benik lagunduta. Afariko produktuak “ekologiokoak eta bailaran eskuratutakoak” direla adierazi dute antolatzaileek eta tiketak, Iratxo, Arrano eta Gaztelupen daude salgai, 14 eurotan helduenak, 12 ikasle eta langabeenak eta 6 eurotan umeenak (6-12 urte).