Deba ibaia garbitzeko auzolana antolatzen den laugarren urtea da. Iaz 100
bat boluntario batu ziren eta aurten ere antolatzaileek deia luzatu die
herritarrei ibaiaren garbiketan parte har dezaten. Debabarreneko herritarrak
daude gonbidatuta, adin guztietakoak, helduak zein haurrak.
Iaz bezala, ibaiaren garbiketa bi modutara egingo da, oinez eta mota guztietako
ontzietan ibaian barrena, bata goizez eta bestea arratsaldez. Eguneko lehen
hitzordua 11:00ean izango da, Anes Arrinda pasealekuan. Lehendabizi azalpenak
emango zaizkie boluntarioei, garbiketa nondik nora egingo den, zaborraren
sailkapena eta tratamendua nola egingo den… . Taldeetan banatu ostean,
boluntarioek oinez egingo dute garbiketa, Debako hezegunean, ibai bazterrean. Arropa
erosoa eta zapata egokiak eramatea komeni da. Garbiketarako beharrezkoa den materiala
-eskularruak, zabor-poltsak, etab- Debegesako kideek eramango dute. Ordubetez
luzatuko da garbiketa eta, ondoren, 12:30ean, luncha eskainiko zaie
parte-hartzaile guztiei.
Arratsaldean ontzi
gainean
Arratsaldez egingo da bigarren lan-saioa. 15:30ean da hitzordua, Anes
Arrinda pasealekuan. Boluntarioak ibai barrenean ontzietan arituko dira
hondakinak ibaitik ateratzen. Horretarako, boluntarioek ekarri beharko dituzte txalupak,
piraguak, paddle surferako taulak…. 18:00etan askaria eskainiko zaie lanean
jardun duten guztiei.
Izen-ematea Debegesan
Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena, 943 82 01 10 telefonora
deituz edo debaibaia@debegesa.com helbidera idatziz, lehenbailehen. 18 urtetik beherakoak heldu batek
lagunduta joan behar dira.
Ekimen honek Debegesaren bi proiektu uztartzen ditu, Ibai Lagun eta Gure
Balioak egitasmoak, eta helburu bakarra dute, herritarrak sentsibilizatzea eta ingurumena
zaindu eta errespetatzearen garrantziaz ohartaraztea.