2015eko uztailak 26 jai eguna
Lan-egutegia izan zuten hizpide gero, zehazki, datorren urtean Santa Ana eguna domeka dela eta herriko jai eguna astelehenera pasatzea bozkatu zuten. Aho batez onartu zen eskaria. Etxaburuetako 3. zenbakiko eraikinaren 1. solairuaren desafektazioa onartuta, 2013ko aurrekontuaren kontu orokorra ere aho batez onartu zen. Alkatearen esanetan, 60.000 euroko soberakina egon da eta emaitza hori, “udalak garatzen diharduen gestio onaren emaitza” izan dela. Egoera ekonomikoa egonkortzen ari dela eta erabat egonkortu arte lanean jarraituko dutela gaineratu zuen.
Presoen senideei laguntza helarazteko bide berria
Dirulaguntzak esleitzeko, udalak, plan estrategiko bat behar duela exijitu du Urkijok, zehazki, presoen senideei esleitzen zaien dirulaguntzari erreferentzia eginez. Udalak ez du aipatu plan estrategikorik eta senideei dirulaguntza helarazi ahal izateko bide berria zabaldu zuten eguaztenean. Gaur egun preso dauden senideei ematen zaien laguntzak erregulatzen dituen Ordenantza aho batez laga zuten bertan behera eta asmoa da, datorren udalbatzarrera plan estrategikoa bozketara eramatea eta hurrengoan, dirulaguntza arautuko duen ordenantza berria bozkatzea.
Euskal selekzioari babesa
EAJk eta Bilduk euskal selekzioari babesa adierazten dien mozio bana aurkeztu zuten eta biak onartuak izan ziren. Lehenengoak, EAJrenak, euskal federazioak animatzen ditu nazioarteko ofizialtasuna lortzeko bide juridikoak aztertu eta agortzera, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzaz. EAJ eta Bilduko aldeko zortzi bozka, eta PSE-EE alderdiko bi kontrakoekin aurrera egin zuen mozioak.
Bilduk, bere aldetik, Europar Batasunaren oinarrizko eskubideen gutuna eskuan hartuta, ondorengo eskariak luzatu zituen: Euskal selekzioak ofizialki nazioarteko txapelketetan gainerako selekzioen baldintza berean lehiatzea eta hori ahalbidetu ahal izateko, udalak Espainiako futbol federazioari, euskal selekzioari ezarritako betoa kendu eta nazioarteko txapelketetan parte hartzea ahalbideratzea. EAJren abstentzio eta PSE-EE alderdiaren ezezko bi bozkekin onartua izan zen.
PSE-EE alderdiko bozeramaile den Soldedad del Bosquek boto azalpenean Espainiako federazioaren estaldura izan zuen hizpide. Bere berbetan, “espainiar federazioa existitzen den modalitateetan, euskal federazioak ezin du ofizialtasunik izan”.
Euskal kutxen etorkizuna bozketagai
Alderdi guztiek nahi izan zuten euskal kutxen etorkizuna baldintzatu dezaketen egoeren gaia jorratu eta honetan ere, bi mozio ezberdin aurkeztu zituzten. Bilduk berea aurkeztu zuen eta onartu gabe geratu zen, aldeko lau bozka (Bildu) eta kontrako seirekin (EAJ 4-PSE-EE 2).
EAJk eta PSE-EE alderdiek aurkeztutako mozio bateratua berriz onartu egin zen, Bilduren abstentzioarekin.
Udaltzainen aurre-jubilazioa aho batez onartua
EAJk, ELA sindikatuak aurkeztutako mozioa bideratu zuen udalbatzarrera eta Bilduren babesarekin eta PSE-EE alderdiaren abstentzioarekin onartu egin zen. Honek, euskal udaltzainei Ertzaintzak duen koefiziente murriztaile berdinak aplikatzea eskatzen du, baita udaltzainak ertzainek dituzten baldintza berberetan aurre-jubilatzea ere.
Boto azalpenetan PSE-EE alderdiak, mozioaren edukiarekin bat datozela azaldu zuen baina badakitela “beste sindikatu batzuk ere gaia lantzen dihardutela eta Eusko Jaurlaritzari eskari berriak aurkeztuko dizkiotela”. Eskari horrek zeintzuk diren jakin arte, “prudentziaz jokatu eta abstenitu egingo direla”.
Bilduko alkateak “baldintza berdinetan dauden kolektibo asko” daudela gogoratu zuen eta helburua, “kolektibo osoari eragingo dieten neurriak hartzea” izan behar duela.
Bukatzeko, sexu askatasun eta aniztasunaren aldeko adierazpen instituzionala irakurri zuten Lorea de Castrok euskaraz, eta Borinagak erderaz. Jarraian, irakurgai:
SEXU ASKATASUN ETA ANIZTASUNAREN ALDEKO SORALUZEKO UDALAREN MANIFESTUA
2014ko maiatzaren 17an Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna izan da.
Soraluzeko Udalak bere konpromisoa berresten du askatasun afektibo-sexualarekin eta genero-identitate aniztasunarekin; eta, horrenbestez, askatasun hori murrizten duten diskriminazio-mota guztiak gainditzeko lan egiteko konpromisoa hartzen du. Izan ere, diskriminazio horren funtsean aurreiritziak eta ezjakintasuna daude, eta sistema oso bat, heteropatriarkatua, gizon eta emakume izateko modu bakarra ezarri nahi diguna, harremanak izateko modu bakarra, maitatzeko modu bakarra, hots, arra-maskulinoa-heterosexuala eta emea-femininoa, heterosexuala eta guztion askatasunaren eta berdintasun printzipioaren aurkakoa da –printzipio horren arabera, pertsona guztiak berdinak gara eta eskubide berberak ditugu, gure orientazio sexuala edo genero-identitatea edozein dela ere–.
Egia da azken urteetan aurrerapauso handiak lortu dituztela LGTBI taldeek mendebaldeko herrialde asko eta askotan, berdindu egin baitira zenbait lege eta eskubide; ez erabat oraindik, ordea. Horrekin batera, oraindik ere badago zer landu gizartean, esaterako, askatasun sexualaren kontrako indarkeria presente dago mundu osoan eta nabarmen eragiten die lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualei.
Gaur egun, joera heterosexual, binarista eta heldua posible den arau bakar gisa aurkezten du gure ordena sozialaren oinarrian dagoen heteropatriarkatuak, eta gainerako aukerak egiten dituzten pertsonak errudun gisa agerrarazten ditu. Mendebaldeko sexualitatearen eta identitateen eskuliburua mugatuta dago, beraz, eta onarpen soziala, zilegitasun morala eta legezko eskubideak ukatzen dizkie heteropatriarkatuaren araua hausten duten sexu praktikei eta identitateei.
Egoera horren ondorioz, LGTBI pertsonengan ageri-agerikoa da jendaurrean adierazpen afektibo-sexualak egiteko beldurra eta zailtasunak. Gay, lesbiana, transexual, bisexual eta transgenero eta intesexualek askotan intimitatean eta sekretupean baino ezin dituzte egin adierazpen afektibo-sexualak eta identitatearekin lotutakoak, jasandako errepresioaren beldur dira.
Beste esparru batzuetan egin beharreko lana ahaztu gabe, nabarmendu nahi dugu komunikabideek ezinbesteko garrantzia dutela LGTBI pertsonei buruzko onarpen soziala lantzeko orduan eta baita identitate, harreman, familia eta bikote aniztasuna erakutsi eta islatzeko ere.
Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da pertsonon harreman afektibo-sexualak eta identitateak anitzak izan daitezkeela eta anitzak direla nabarmentzeko tresnak sortzea eta tresna horietako bat dekalogo bat izan liteke, komunikazioaren esparruan gaia lantzeko jarraibideak emango dizkiguna.
Soraluzeko Udalak, beraz, bertatik egindako komunikazioan (idatzia nahiz irudi bidezkoa) herritarren aniztasuna islatuko dugu, aniztasuna zentzu zabalean ulertuta. Arreta berezia jarriko dugu harreman afektibo-sexualen eta genero-identitatearen aniztasuna isla dadin.
Komunikabideekin dituen harremanei dagokienez, dekalogoan jasotako irizpideak jarraituko ditu, honako puntuez osatuta dagoena:
DEKALOGOA
1.- Komunitatearen giza kapitalaren garrantzia azpimarratu. Haren testigantzari eta esperientziari pentsamendu iraingarriak eta diskriminatzaileak desagerrarazteko analisi gaitasuna eman.
2.- LGTBI kolektiboen bizipenak, beharrizanak eta ekarpenak gizartera gehitu, gizarteko kideak diren aldetik, eta elementu horiek zeharkako material bihurrarazi, informazio ildoak prestatzeko orduan.
3.- Osasun, segurtasun eta partaidetza gaiei tratamendu zuzena emateko asmoz herritarren eskubideak aldarrikatu, kolektiboak horiek betetzeko eragile aktibo bihurtzearekin batera.
4.- Komunikabideekiko lankidetza sustatu gai guztietan, berariazkoak eta kolektiboetan euretan oinarritzen direnak barne. Horrela, gizartearen benetako irudia egingo da, eta horrek LGTBI kolektiboaren irudi zehatzagoa ematen lagunduko du.
5.- LGTBI kolektiboa heterogeneoa da. Horregatik, komunikabideek estereotipo negatiboak sortzen ez laguntzeko erantzukizuna daukate. Beraz, beharrezkoa izango da iritziak eta adierazpenak zaintzea, gaien ikuspegi orekatua eskaintzeko.
6.- Komunikabideak LGTBI elkarte eta kolektiboetarantz hurbiltzen lagundu, gaien eta edukien tratamenduak, terminologia eta ikusgaitasuna adostuta estilo gidaliburua sortzeko asmoz.
7.- Komunikabide sozialek homofobia, lesfobia eta transfobiaren aurkako borroka aldarrikatzeko lanean parte hartu behar dute, guztion borroka delakoan, eta, era berean, LGTBI kolektiboek jokabide iraingarriak eta biolentoak desagerrarazteko egiten dituzten balio eta ekintza guztiak hedatu eta horien garrantzia azpimarratu behar dute.
8.- Homofobiaren gaitzak edo desinformazioak ukitutako kolektiboei eta pertsonei ahalduntze pertsonaleko prozesuan lagundu, jardunbide egokiak eta herritarrei helarazten zaizkien ereduak ekarrita.
9.- LGTBI komunitatea eragile aktiboa izan behar da, informazioa, komunikazioa edo teknologia berriak dakarten arlo guztietan, LGTBI kolektiboen eta komunikabideen artean partaidetza, lankidetza eta laguntzarako elkarrekiko konpromisoak bultzatuta.
10.- Komunikabideek eta erakunde publikoek ez dituzte homofobia eta LGTBI pertsonen eskubideen aurkako gainerako jokabideak segurtasun edo hezkuntza arloko berariazko kontutzat jo behar, eta pertsonen bizitzaren alde guztiak zeharka eta positiboki ukitzen dituzten iritziak eta jokabideak sortzen laguntzen duten eragile bihurtu behar dira.