Manu Goioganak eta Jokin Bergarak irabazi dute VIII. Plazatik Gaztetxera sariketa

plaentxia_com 2014ko eka. 4a, 09:00

Joan den zapatuan jokatu zen Plazatik Gaztetxera sariketako finala gaztetxean. Bazkalostean, bertso saioa hasterako jendez bete zen aretoa eta hasi eta bukatu, saioari eustea lortu zuten zortzi bertsolariek. Azkenean, epaimahaiak eta publikoak bat eginda Manu Goiogana eta Jokin Bergara izendatu zituzten txapeldun. Eibar eta Markinako kanporaketetan ere modu berean egin zuten aurrera, epaimahaia eta entzulea konbentzituz. Garbi dago, beraz, maila oneko txapelketa egin dutela eta merezimenduz direla txapeldun. Irakurri kronika!

Manu Goiogana eta Jokin Bergarak irabazi dute
XIII.
Plazatik Gaztetxera

 

Txapelketan zehar egindako lana borobildu dute, lehertzea falta izan zaion finalean.

Pasa den Zapatuan jokatu zen XIII. Plazatik Gaztetxerako finala. Lau bikote, zortzi bertsolari hauek aritu ziren txapelaren lehian:

Maddi Sarasua eta Manex Astigarraga

Jokin Bergara eta Manu Goiogana

Asier Azpiroz eta Adur Gorostidi

Amaia Iturriotz eta Mikel Iturriotz

Gainerako saioak ez bezala, finala eguerdian jokatu zen. Tripazorriek bultzatuta baino, bertso goseak erakarri zuen jendea gaztetxera. Izan ere, bazkal orduan bestelakorik bazirudien ere, bertso saioa hasterako lepo bete zen aretoa.

Agurren ondotik, zortziko handiko ariketarekin eman zioten hasiera saio puntuagarriari. Aipatuaz gain, ariketa  hauek egin behar izan zituzten bertsolariek: zortziko txikian; oinak emanda eta azken aurreko puntua emanda bertso bana; puntu erantzunak; koplaka; eta bakarka.

Hasi eta bukatu, saioari eustea lortu zuten zortzi bertsolariek.  Entzuleek ere neurriko erantzuna eman zuten, bertsoaldiak gogotsu txalotuz eta giro ederra sortuz. Puntuan egon baldin bazen ere, giroa ez zen erabat lehertu; horixe falta izan zitzaion. Dena den, arratsalde pasa ederraz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.

Irabazleen txapelketa borobila

Bertsolarien artean, bikote txapelduna nabarmendu behar dugu. Bertsotan ederki egin zuten, fresko nabaritu genituen eta arrazoietan eta azken kolpean asmatuz. Eibar eta Markina-Xemeingo kanporaketetan erakutsitako joera mantendu zuten eta berentzako izan zen txapela.

Gainerako bikoteek lan ona egin zuten; maila onean aritu ziren, estropezu batzuk salbu, eta gehienak gustura ziren egindako lanarekin. Txapela etxera eraman ahal izateko, hurrengo edizioaren zain egon beharko dute, ordea.

Buruz-burukorik gabeko finala

Batek baino gehiagok saioa gustura luzatuko lukeen arren, entzuleen artean bereziki, txapelduna izendatzeko ez zen buruz-burukoaren beharrik egon. Epaimahaia bezala, entzuleak ere  berenganatu zituzten Manuk eta Jokinek. Berek jaso zuten boto gehien, eta, entzuleen erabakia eta epaimahaiak hartutakoak bat egin zutenez, buruz-burukoa jokatu beharrik gabe izan ziren saioko lehenak.

Aipatzekoa da, Eibar eta Markina-Xemeingo kanporaketetan ere modu berean egin zutela aurrera, epaimahaia eta entzulea konbentzituz. Garbi dago, beraz, maila oneko txapelketa egin dutela eta merezimenduz dira txapeldunak.

Sari banaketa, esker eta agurrekin eman zitzaion amaiera saioari eta baita PGraren aurtengo edizioari ere.

Hauxe izan zen finaleko sailkapena:

Manu Goiogana eta Jokin Bergaratxapeldunak -

Asier AzpirozAdur Gorostidi

Amaia IturriotzMikel Iturriotz

Maddi SarasuaManex Astigarraga

Balorazioek hartuko diote txanda bertso saioei. Hobetu beharrekoak kontutan hartuta eta txapelketak bertsolari zein entzuleen aldetik nolako erantzuna izan duen ikusita, datorren urtean ere sariketaz gozatzeko aukera izango dela pentsa dezakegu.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi genizkieke txapelketaren antolakuntzan aritu diren gazteei, herri bakoitzeko saioak prestatzen aritu zaretenoi, jatekoak prestatuz, argazkiak ateraz, saioak grabatuz, oholtza txukunduz, gaiak prestatuz eta saioak aurkeztuz, sariak prestatuz eta kronikak idatziz, besteak beste. Bertsoez gozatzera hurbildutako entzule gazte zein helduei ere eskerrik beroena, baita, txapelketaren jarraipena egin duzuen komunikabideei ere.

Ondo izan eta besarkada bana!

 

Finalean jasorako argazkiak:

{mosimage}

{mosimage}

{mosimage} 

{mosimage}

{mosimage}