Txipdun edukiontzi marroiak ekaina hasieran jarriko dira Soraluzen

plaentxia_com 2014ko mai. 28a, 08:30

Materia organikoa sailkatzeko txipa duen lehen edukiontziak ekainaren 3an jarriko dira Loralde, Errekalde eta Baltegieta inguruetan, ekainaren 4an herrigunean eta 5ean, Atxuri eta Sagarrerrekan. Txip sistema berriak parte hartzaileen datuak erregistratuko ditu eta hala, materia organikoaren gaikako bilketan parte hartzen duten herritarrak zein diren jakin ahal izango da. Edukiontzien erabilerari buruzko zalantzak argitzeko 900 103226 doako telefonoa jarri dute martxan. 

Joan den asteaz geroztik, Soraluzeko herritarrak txipa duten materia organikorako txartel pertsonalizatuak jasotzen hasi dira eta lehen edukiontzi berriak ekainaren 3an jarriko dituzte Loralde, Errekalde eta Baltegieta inguruetan, ekainaren 4an herrigunean eta 5ean, Atxuri eta Sagarrerrekan. 23 edukiontzi izango dira guztira, horietako 9ren edukiera 2.200 litro eta beste 14rena 1000 litro izango da.

Sistema berriarekin edukiontzia giltza bidez ireki ordez txartel pertsonalizatuarekin irekiko da eta Txip sistema berriak parte hartzaileen datuak erregistratuko ditu. Horrela, materia organikoaren gaikako bilketan parte hartzen duten herritarrak zein diren jakin ahal izango dute. Informazio hori prozesatu egingo da, hain zuzen ere materia organikoaren gaikako bilketan benetan parte hartzen duten pertsonei tasak ez igotzeko. Edukiontzien erabilerari buruzko zalantzak argitzeko 900 103226 doako telefonoa jarri dute martxan.

%70eko parte hartzea

Herriko 1245 familiek (%67,81) izena eman dute 5. edukiontzia erabiltzeko. 2013ko urriaz geroztik ia 200 parte hartzaile gehiago daude eta gehikuntza horrek gaikako bilketaren ehunekoan eragina izan du: 2013an %30,49 biltzen zen, 2014ko lehen hiruhilekoan %36,19. 2014. urte bukaerarako gaikako bilketan %40a gainditzea aurreikusten da eta 2016rako %60a.