Igor Arzuaga / Igor eta Ni
'Experience' / 'Llegará'
Gaztelupeko Hotsak, 2013
Euskal eszenak ere baditu bere outsider-ak, musika eta artearekiko konpromisoa egunero berritzen duten sortzaileak, isileko jardunean, norbere arau propioen arabera eta joera mediatikoetatik kanpo. Igor Arzuaga (Bilbo, 1976) da horietako bat. Azken hamarkadan musika sortzeari emana bizi da Une Latzak eta Exkixu taldeetako kide ohi eta Mikel Urdangarinen kolaboratzaile izandakoa, eta musikarekiko grina horretatik sortu ditu hainbat disko, bakarka zein unean uneko kolaboratzaileekin. Luis Vil musikari arabarrarekin grabatutako Mara-mara (Gaztelupeko Hotsak, 2011) izan da horietako azkena orain arte.
Ez da Arzuaga estilo jakin batean finkaturik geratzen diren musikari horietakoa, alderantziz, itzuri egiten dio beti disko berbera egiteko sortzaileak izan dezakeen tentazioari. Horren adibide garbia dira orain plazaratzen dituen bi lan berri hauek. Lehen aipatutako diskoan, Mara-mara-n, kabaret giroak eta XX. mende erdialdeko joera artistikoen usainak lotzen zituzten kantuak; oso bide diferenteak hartzen dituzte bi lan berri hauek, baina Arzuagaren lan guztiek atxikita daramaten ezaugarri komuna dute biek ala biek: egilearen nortasun bakana.
Experience izenekoa artisautza lana da (Arzuaga bera arduratu da, jasotako musika formazio klasikoaz baliatuz, tresna guztiak jotzeaz: gitarra, akordeoia, pianoa, sintetizadoreak, organoa, baxua...), eta pop kantu sorta bat biltzen du. Agerian uzten du herri musikaren estilo ugari bereganatzeko eta bere kantuetan da barneratzeko Arzuagaren abilezia, baina aniztasun horrek ez ditu egilearen berezko nortasun eta ahotsa estaltzen edo urardotzen, alderantziz, esan genezake nabarmendu egiten duela haren izaera heterodoxoa euskal musika eszenaren barruan.
Bederatzi kantu hauetan hip hop pintzelkadak (Mundu grisa), soul-funk giroak (Ni ez naiz preso), ska-reggae melodia batetik abiatuta pasodoble batera iristen diren bideak (Zure eskutik zintzilik), aire latinoak (Ez dator inor bisitan) eta moldaketa zainduak dituzten pieza instrumentalak (Instrumentala) aurkituko ditugu, osotasunari koherentzia handia ematen dion gorputz musikal batean integraturik. Eta horrez gain, kutsu autobiografikoa duten letrak, ironikoak, ilunak, gordinak eta zuzenak, zeinetan maitasunari, bakardadeari, drogei edota askatasunari buruz mintzo da Arzuaga.
Bigarren diskoa, Llegará, Igor eta Ni izenpean
argitaratu da. Izan ere, Arzuagak Nieves Arilla kantariarentzat sortutako
kantuen bilduma da. Zaragozan (Espainia) jaiotako abeslariak Javier Alvarez
madrildarraren ondoan garatu du bere ibilbidearen zati nagusia (haren diskoetan
parte hartzeaz gain, Las Maris
antzerki, musika eta kabaret ikuskizuna sortu zuten elkarrekin), baina
Jabier Muguruza, Diego Vasallo eta Mikel Errazkinen diskoetan ere kolaboratu du, eta Facunda taldea sortu du
Arillaren ahotsa, soila eta gardena, bikain egokitzen da Arzuagak pianoarekin jotako konposizio intimista eta malenkoniatsuetara (apenas dagoen perkusioa eta gitarra kantu pare batean). Sosegu handia transmititzen du diskoak, ukendu baten antzera, tristea da batzuetan eta baikorra besteetan, baina delikadezia eta sentsibilitate handia dario beti.
Diskografia:
-Argi izpi bat (Gaztelupeko Hotsak, 2002)
-Smog (Gaztelupeko Hotsak, 2004)
-El perro corredor (2007)
-Lagun eroa (2008) *
-Unibertsoa gu (2008) *
-Mara-mara (Gaztelupeko Hotsak 2011)
* Mara izenarekin argitaratutakoa