{mosimage}
Hogeitamarren bat herritar hurreratu ziren
zapatuan Udalak deituta antzokian egin zen
Plan orokorreko aurrerapen dokumentuari ekarpenak egiteko bilerara. Dokumentu
honetan irizpide eta egitasmo nagusiak jasotzen dira, zein gunetan esku hartuko
den eta lurrak zein izendapen izango duten, esaterako. Horiek izango dira etorkizuneko
planaren oinarriak izango direnak, baina zehaztasunak aurrerago erabakiko dira.
Prozesuak urtebete edo bi iraun dezake eta berebiziko garrantzia izango du
herriaren garapenean.
Idazkariak hartu zuen plan orokor berria
egiteko zergatiak, irizpideak, helburuak eta egitasmo nagusien zirriborroak
aurkezteko ardura. Bere esanetan, 1999an onartu zen plan orokorra zaharkitua
gelditu da eta zentzuzkoena berria egitea da. Plan berria osatzeko kontuan
izango den irizpide nagusia herriaren biztanleriari dagoenetan eustea, batez
ere gazte jendeak herrian bizitzeko aukerak eskainiz eta erakargarritasuna landuz.
Etxebizitza berriren batzuk egiteko aukera aurreikusten bada ere, egitasmorik
gehienak aisialdirako gune, ingurugiro, aparkaleku eta industrialdeei
dagozkienak dira.
{mosimage}
EGITASMO NAGUSIAK
- SANTA ANA - OLA bitartean, Leteneko
tailerretik hasi eta Amezuarenera arteko eraikin guztiak bota eta ingurua
lautzea proposatzen da Santa Ana kaleari jarraikortasuna eman eta herrirako
sarbide berria egokituz.
- SAPAn eraikin publiko dotazionalak,
aisialdirako gunea, aparkalekuak eta etxebizitzak egitea proposatzen da.
- PASCUAL CHURRUCA lantegia herriaren
erdigunetik kanpora ateratzea proposatzen da.
- INDUSTRIALDEAK luzatu (Mendiola) edo
berritzea (Carmelo Mendizabal) proposatzen da.
- ERREGETXETIK autoak kendu eta Plaza
Zaharrarekin batera herriaren erdigunean aisialdirako gune handia egitea
proposatzen da.
- GABOLATS eta SANTA ANAKO
ZUBIAK
botatzea eta berriak egitea proposatzen da URA agentziak uholde arriskuak
direla eta egindako gomendioei jarraituta. Horrekin batera presen altuera
jaistea ere bai, hau ere URA agentziak gomendatuta.
- KANPOSANTUA lekuz aldatzeko aukeraren
inguruan gogoeta egitea proposatzen da. Eskolari espazio gehiago emateko
Mendiola baserriaren orubera aldatzea litzateke aukeretako bat.
{mosimage}
Dagoeneko Udala hasi da planak eragingo dien
herritarrekin biltzen, euren iritziak jaso eta ahal den neurrian adostasunak
bilatu ahal izateko. Aurre-txostena eskuragai dago udaletxeko harreran eta nahi
duenak eska dezake kopia bat. Datozen
asteetan planaren erakusketa publikoa prestatuko dutela ere adierazi dute
gobernu taldetik. Edozein zalantza izanez gero udaletxeko harreran hitzordua eska
daitekeela ere gogorarazi nahi izan dute. Bestalde, aurre-txostenari alegazioak aurkezteko epea zabalik
dago ekainaren 9ra arte.
{mosimage}