“Interesgarria dena da ume bakoitzari bere bidea egiten laguntzea” Feli Oregi

plaentxia_com 2014ko mai. 5a, 12:22

Arazoak konpondu ahal izateko ulertu egin behar da gertatzen dena, eta ulertu ahal izateko, jakin. Feli Oregik bide hori egiten laguntzen die arazoak dituzten ume eta familiei. Maiatzaren 16rako  "Zer egin ikasteko zailtasunen aurrean?" hitzaldi-tailerra antolatu du. Telera Feliu logopedak eskainiko du. 

 
NORTASUN AGIRIA
 
Bankuan lan egitetik umeekin lan egitera pasatu da. Hamalau urte pasatu dira Oierrek burmuineko lesioa jasan zuenetik, eta urteotan bere bizimodua “beltzetik zurira” aldatu dela dio. Umeen ikasketa prozesua zelakoa zen ikasten hasi zen Oierri laguntzeko, eta harrezkero ikasten jarraitu du, etenik barik, umeen garapen motore eta sentsorialaren prozesuak ulertzeko ahaleginean. Orain, hutsune neurologikoen ondorioz arazoak dituzten umeei laguntzen egiten du lan, eta maite du lan hori.
{mosimage} 

MOTZEAN

Maisua? Oier. 

Jakintza iturria. Jorge Ferret neurologo kataluniarra.

Balore bat. Errespetua.

Irakaspen bat. Jendeak agerian duenari baino atzean duenari begiratu behar zaiola. 

Hezkuntza metodo bat. Waldorf metodoa. 
 
Jarduten dugu hezkuntza behera eta hezkuntza gora… baina zer da hezkuntza?
Hezkuntza zerekin lotzen dugu, eskolarekin? Eskoletan metodologia ezberdin asko dago eta hori azkenean gustu pertsonalen araberakoa da, baina nire ustez hezkuntza edo heziketa esaten dioguna ez da nagusiki eskolak emateko metodologia edo materia multzo bat, hori ere bada, baina bizitzarekiko jarrera eta jokaera multzoa da gehiago, bizitzen ikastea, eta hori, hasierako oinarririk sendoena etxean jasotzen da. Eta jasotzen dugun oinarri hori bizitzako zeregin guztietan erabiltzen dugu gero.
 
Ikasi leku guztietan egiten dugu.
Bai. Ikasten dugu eta hezten gara alde guztietan. Etxean gauza batzuk ikasten dira, lanean beste batzuk, gaztetxokoan beste batzuk …  Baina ikasketaren oinarrian errespetua dago: errespetua bikotearekiko, errespetua umeekiko, errespetua norbere buruarekiko…  Horrek ematen du aukera harremanak aberasgarriak izateko eta bizitzen lagunduko diguten irakasgaiak ateratzen joateko, bai umeen kasuan eta bai helduenean. 
Pertsonak errespetatuak sentitzen bagara gero geuk ere errespetuz jokatzen dugu. Errespetua da heziketaren oinarrietako bat, eta etxetik hasten da.
 
Etxean gauzak asko aldatu dira …
Bai, eta ez beti onerako. Nik ama beti ezagutu dut etxean behar nuenerako. Gaur egun ordu asko egiten dugu etxetik kanpora, eta gero, gauean, denok egoten gara nekatuta. Nire ustez alderdi horretatik atzera egin dugu. Lehen emakumeok etxeko ardura baldin bageneukan orain kanpokoak ere gehitu zaizkigu, eta horrek sortzen duen nekeak eragin dezake etxeko giroan. Etxeko lanak baloratuago baleude beharbada pertsona gehiago geldituko lirateke etxean.  
 
Eta eskolan?
Umeak 2-3 urterekin eskolara doazela eta, heziketaren ardura nagusia eskolaren gain dagoela pentsatzea ez da egokia. Eskolan gauza asko ikasiko dituzte, gauzak konpartitzen, esaterako, baina gogoan izan behar da beti, heziketaren gune nagusia etxean dagoela.  
Eskolak ahal duena egiten du dakienarekin eta dituen baliabideekin. Umeak, helduon kasuan bezala, ez dira berdinak eta bakoitzak bere ezintasunak eta gaitasunak ditu. Interesgarria dena da ume bakoitzari bere bidea egiten laguntzea bere trebetasunak indartuz. Nahi eta ezinean jarduteak frustrazioa dakar, norbere burua ezagutu eta onartzeak berriz, lasaitasuna eta motibazioa.
 
Eskola, arratsaldetako aktibitateak… gaurko umeek denbora gehiago egiten dute etxetik kanpora etxean baino.
Bai, egia da, baina ez dut uste garrantzitsuena hori denik, garrantzitsuena da umeak behar zaituenean hor egotea.  Hor zaudela sentitzea.
 
Hiperaktibitate diagnostikoen gorakadak izan dezake zerikusirik horrekin?
Komeni dena da jakitea zer dagoen diagnostiko horren atzetik.  Neurologo katalan baten adibideak azaltzen du ederki. Umea lo doa autoan, eta, bat-batean, txunba-txunbako musika batekin esnatzen dute. Umea dantzan hasten da, jo eta sua. Ohituta dagoelako. Neurologo horren ondorioa da ume hori etorkizunean hiperaktiboa izan daitekeela. Gaur egun loari ematen zaizkion tratu txarrek kalte handia eragiten dute. Adibide bat baino ez da.
Umeen jokaeren atzean beti dago zergatiren bat. Badago joera arazoak umearen izakerari egozteko: alperra da, gaiztoa da … Baina hori eginda kalte baino ez diogu egiten. Egin behar den galdera da: “zer pasatzen jako ume honi erantzun horrek izateko?” eta erantzunak bilatzen ahalegindu.

Zuek arazo horren jatorria bilatzen ahalegintzen zarete?
Bai. Jakintza horren arabera 0-7 urte bitartean umeek pasatzen dituzten etapa guztien ondorioz gertatzen dira neuronen arteko konexioak. Konexio neurologiko horiek dira etorkizunean pertsonari ikasteko  gaitasunak garatzeko aukera emango diotenak. Hasierako etapa horietatik (katamarran, lau hankatan, tximuaren postura…)  abiatzen dira geroko prozesu guztiak. Etapa horietakoren bat behar bezala pasatzen ez badu, ume horrek aukera du etorkizunean hutsuneren bat izateko espazioaren eta denbora kudeatzeko gaitasunean, pentsamenduan, irakurketan, idazketan… eta ondorioz zailtasunen batzuk gertatzeko ikasketa prozesuan.
 
Zer da egiten duzuena?
Umeari balorazio neurofuntzional bat egiten diogu, bere garapen motore eta sentsorialak zelakoak diren aztertzeko. Ondoren, hortik ateratako ondorioekin gurasoei tratamendua aholkatzen diegu, guk emateko modukoa izan ala ez. Zailtasunen bat duten ume gehienek egiten dute akatsen bat etapa horietako mugimenduak erreproduzitzerakoan. Adi egotea da kontua.
 
Azken mezuren bat?
Zein garrantzitsua den umeari lehenengo urteetan lagatzea eta aukerak ematea pasatu beharreko etapak bere kabuz egin ditzan, ahalik eta laguntza txikienarekin, beti ere arreta jarriaz.  Taka-taka, aulkia, eseraraztea, bi hankaren gainean jartzea … soberan daude, umeak lau hilabetetik aurrera lurrean gero eta gehiago laga, beretzat hobe. Bere erritmora laga. Guk lantzen dugunaz gain badira noski umearen garapenean eragiten duten beste faktore batzuk; emozionala eta beste hainbat.
 
HITZALDIA
Maiatzaren 16an, 18:00etan, antzokian. 
Zer egin ikasteko zailtasunen aurrean?
Hitzaldiaren helburua da 0tik 7 urtera bitarteko garapen motore eta sentsorialen garrantzia etorkizuneko ikasketa zailtasunetan, ze zailtasun askoren atzean etapa horiek behar bezala eman ez izanaren ondoriozko gabeziak daude. Etapak ezagutzea ona da, adi egoteko, alde batetik egiten lagatzeko eta bestetik, zeozer ondo ez badoa konturatzeko. Horixe da berrantolaketa neurologikoak lantzen duena eta Teresa Feliuk azalduko diguna. Teresa logopeda zen eskola publikoan, baina, orain, berrantolaketa neurologikoaren arloan egiten du lan. Hitzaldiarekin batera tailer praktikoa ere egingo dugu.