Hirigintza proposamenak aztertzeko bilera irekia antolatu du udalak maiatzaren 10erako

plaentxia_com 2014ko api. 29a, 13:30

Udalak hirigintza plana berritzeko abiatu berri duen prozesua dela eta, hasierako zenbait proposamen – hilerria lekuz aldatzea,kañoi fabrikako inguruaren birmoldaketa … -  jasotzen dituen aurre-txostena osatu du. Hain zuzen, proposamenok aztertzeko, maiatzaren 10ean (zapatua) 10:00etatik 13:00etara bitartean batzar irekia egingo da antzokian. Irudia: herriaren panoramika. EAJ.

 
Dokumentua eskuragai dago interneten http://www.filedropper.com/soraluzepgou-av2014-03

baina maiatzean zehar udaletxean erakusketa antolatzeko asmoa ere iragarri du udal gobernuak. Azken honen esanetan “oso gai garrantzitsua da herriaren etorkizunerako“ eta prozesuan parte hartzera animatu ditu herritarrak. EAJk ere idatzia zabaldu du herritarrei parte hartzeko dei eginez.  
 
EAJren idatzia:
 
SORALUZEREN ETORKIZUNA EXPOSIZIO PUBLIKOAN

EAJk herritarrak animatzea nahi ditu dokumentua aztertu eta kontsulta dezaten, besteak beste, 243 etxebizitza berri eraikitzea eta hilerria tokiz aldatzea proposatzen du aurretxostenak
 
EAJko Hirigintzako Batzordeko bozeramailea den Iker Aldazabalek jakinarazi du, Udalak Soraluzeko Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren Aurretxostena exposizio publikoan ipini duela eta planak eragiten dien herritarrek beraien alegazioak edota proposamenak aurkezteko epea zabalik dutela.
 
Zentzu honetan, Aldazabalek herritarrak animatzea nahi ditu dokumentua kontsultatu eta azter dezaten “herritar guztiei eragingo digun dokumentuaz hari gera hitz egiten, behin onartu ondoren, hurrengo 10 urtetan, Soraluzeren hirigintz erizpideak zehaztuko dituen dokumentua izango baita”
 
Zinegotzi jeltzaleak adierazi du, herritarrek 2 hilabeteko epe legala daukatela, ekainaren 9arte, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 9an argitaratu bait zen, beraien alegazioak aurkezteko,Plan orokorraren Aurretxostenari.
 
Aldazabalek jakinarazi du; aurreko arauak 1999koak zirela eta gaur egungo aurretxostenak proposatzen dituen aurreikuspenen artean, besteak beste, herriko gune desberdinetan 243 etxebizitza berri eraikitzea edota gaur egungo hilerria Mendiola baserriko lurretan kokatzea edota eremu berean herritarrentzako aisialdirako ortuak ahalbideratzea.
 
Ondoren hilerriaren aldaketa gauzatuz geroz, beti ere aurretxostenak iragartzen duen harira, lur sail hau irakaskuntzako beharretarako egokituko litzateke.
Bestalde, Carmelo Mendizabaleko industrialdeari irisgarritasuna emateko eta herriko zirkulazioa bideratzeko biribilgune bat aurreikusten du, baita, Deba ibaiaren ertzak berrantolatzea ere, Alde Zaharreko eremuan. Kañoi fabrikaren kasuan, proposatzen diren alternatiba desberdinen artean, besteak beste, parke publiko bat edota eraikin nagusia erabilera publiko anitzeko gune bilakatzea edota 55 etxebizitza garaje eta guzti eraikitzea proposatzen dira.
 
Azkenik, Aldazabalek gogoraratu du, Udal Gobernuak 2013ko urriaren 14an Plan Orokorra berrikusteko talde tekniko bat kontratatu zuela, 141.000€ BEZa barne. Aurretxostena amaitu ondoren, Gobernu Batzordeak 2014ko martxoaren 31an dokumentua 2 hilabeteko epez, jendaurrean ipintzea erabaki zuen, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Aurretxostena udaletxeko idazkaritzan ikus eta aztertu daiteke astelehenetik ostiralera goizeko 9:00etatik eguerdiko 13:00arte edota udaletxeko web gunean ondorengo linkean: http://www.filedropper.com/soraluzepgou-av2014-03.