ADIERAZPENA
2012.
urtean Estatuko Abokatuak Soraluzeko Udalari 39/1981eko legeak
xedatutakoa betetzea eskatu zion: hau da, Espainiako bandera
udaletxearen kanpoaldean eta pleno aretoan jartzea. Udalak,
horrekin ados ez zegoenez hilabete askotan ez zuen eskatutakoa bete.
Azkenik, 2013ko abenduan, gogoz kontra eta derrigorrez bada ere,
betetzea erabaki zuen, bete ezean udalaren aurkako neurri zorrotzak
aplika daitezkeelako. Beraz,
Soraluzeko Udalak, 39/1981eko Banderen Erabileraren Legea betetzeko
bandera espainiarraz gain, Soraluzen gaur egun bizi diren herritarren
bandera guztiak jarriko zituen zubi nagusiko balkoian eta pleno
aretoan.
Gobernu
Delegatua den Urquijo jaunari ez zitzaion erabaki hura gustatu eta
errekurritu egin zuen.
Ondorioz,
2014ko otsailean Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegiak sententzia
irmoa kaleratu zuen, Udalari aginduz bandera espainiarra fatxada
nagusian modu ikusgarriago baten jartzera. Epaiak, Espainiari
egindako “burla” bat kontsideratzen zuen egun bandera jarrita
zegoen modua. Esan beharra daukagu sententzia honekin herri honi,
Euskal Herriari eta Soraluzeri, egiten zaiola “burla”. Sinbolo
atzerritarrak inposatuz eta bertako izaera eta nortasuna islatzen
duen ikurra makurraraziz. Ez dago hori baino “burla” handiagorik.
XXI. mendean bizi gara
eta ozen esan behar dugu nork bere aberria zein den erabakitzeko
eskubidea izan behar duela, inori zer eta nola sentitu behar duen
inposatu gabe. Euskaldunoi urte askotan ukatu zaigun autodeterminazio
eskubidea
aldarrikatzen dugula, alegia.
Gaur gertatzen ari dena,
soraluzetarron eskubideen urraketa bat da. Beste herri batzuetan egin
duten bezala, Soraluzen ere, espainiar bandera gure udaletxean
jartzera behartu nahi gaituzte. Honen aurrean, Soraluzeko Udal
gobernuak ekintza hau salatu nahi du. Zergatik behartu nahi dute
Soraluzeko Udala bandera espainola jartzera? Zergatik horrelako
neurriak, Espainiar estatuan ere hainbat udaletxek lege hau betetzen
ez badute? Euskal Herrian gure erakundeak espainolizatu nahi dituzte.
Nork sortzen du eztabaida identitarioa? Guk argi daukagu, gu
euskaldunak gara, eta Euskal Herri libre eta independente bat nahi
dugu.
Espainiako banderaren
erabilera legeak, bere lehen artikuluan, Espainiar banderak nazioa
sinbolizatzen duela adierazten du. Soraluzetarron gehiengoak, aldiz,
Euskal Herria sentitzen du bere aberri, bere nazio. Hori dela eta,
gaur eta hemen, udaletxe honetan eta herri honetan, sententzia
inposatzaile hau beteko dugun arren, ikurrinari bere lekua eskainiko
diogu eta inoiz baino indar gehiagorekin altxatuko dugu, euskaldunak
garelako eta bera delako gure herri izaeraren adierazle, gure Euskal
Herriaren ikur.
Udal gobernu taldea
Soraluzen, 2014ko apirilean
{mosimage}