Aberri egunera joan eta balkoietan ikurriña jartzera dei egin dute (EH Bildu)

plaentxia_com 2014ko api. 13a, 14:16

Bandera espainiarra ezartzearen “inposizioaren” aurrean Aberri eguneko ekitaldietan parte hartzera eta balkoietan ikurriña jartzera deitu dituzte herritarrak. Bandera “herritarren gehiengoaren borondatearen kontra” ezarri nahi izatea salatu dute. Irudia: Barixakuko agerraldia.

 
{mosimage} 
 ABERRI EGUNERAKO DEIALDIA ETA IKURRIÑAREN ALDARRIKAPENA
Soraluzeko EH Bildu osatzen dugun alderdi eta herritarrok, Aberri Eguna dela eta, “Euskal Herria eraiki ! Zazpiak bat ! “ lelopean, gure babesa adierazi nahi diegu apirilaren 19an eta 20an Larresoron eta Iruñean egingo diren ekitaldiei.
Erabakitzeko eskubidea eta lurraldetasuna izango dira aurtengo Aberri Egunaren ardatzak. Euskal Herriaren lurraldetasuna kontuan hartzeko beharra ezin da ezkutatu. Ezin da etorkizuna eraiki eredu zaharkituen gainean eta gizartearen gehiengoaren kontra. Bide horretan, ezkerreko proiektua beharrezkoa da: ezker subiranista gara, ezker eraldatzailea eta ikuspuntu horretatik jardun nahi dugu munduan, herri modura. Askapen nazionalaren borroka askapen sozialaren borrokaren eskutik doalako.
Aurtengo Aberri Eguna une eta testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial “esanguratsuan” ospatuko dugu; erabakitzeko eskubidearen eztabaida Europan nahiz Euskal Herrian zabal zabalik dagoen momentuan hain zuzen. Oztopo guztien gainetik, martxan dira prozesuak Eskozian eta Katalunian. Espero bezala, estatu frantsesak eta espainolak Euskal Herrian sortu den esperantza zapuzteko ahaleginetan jarraitzen dute. Gure aldetik, arduraz jokatzeko eta akordio zabalak lortzeko garaia da.
Deialdi honekin batera, Euskal Herriko udaletxeetan eta geurean ere bandera espainiarra jartzeko inposaketa salatu nahi dugu. Herritarren gehiengoaren borondatearen kontra, gehiengoak geuretzat sentitzen ez dugun bandera jartzera behartu nahi gaituzte. Horren aurrean, Euskal Herria eta euskal herritarron gehiengoa ordezkatzen duen bandera ikurrina da.
Soraluzetarroi, dei egiten dizuegu balkoietan ikurriña jartzeko eta apirilaren 19an Larresoron eta 20an Iruñean egingo diren Aberri ekitaldietara joateko.
Eraiki dezagun zazpi lurraldez osatutako Euskal Herria, euskararen herria!


Soraluzen 2014ko apirilaren 11n.

Soraluzeko EH Bildu