Arrate Plazaola, Onkologikoko medikua eta bularreko minbizian aditua
Arrate Plazaola doktoreak 34 urte eskaini dizkio bularreko minbizia sendatzeari. Urtean EAEko 1.500 emakumek pairatzen duten gaitza da bularreko minbizia, %80a sendatzen da. Nor bere bularrak aztertzea diagnostiko gazteak egiteko ezinbesteko erreminta dela dio. Gomendio zuzena ere luzatu zuen Soraluzen: mamografiak egitea.
Gaixotasun moduan, zer da zehazki bularreko minbizixa?
Bularreko zelulak gaiztotzen diranian eta tumoriak sortzen dittuenian garatzen da bularreko minbizixa. Aittatutako zelulak gorputzeko beste ataletara zabaltzeko gaittasuna dauke, garunera edo biriketara esaterako.
Minbizixari aurre egitteko zein tratamendu erabiltzen dittuzue?
Kirurgia da minbizixari aurre egitteko erarik arruntena. Gaur egun, helburuak zehatzak dira, baitta kirurgiak be, horregaittik, osasuntsu mantentzen diran ehunak ez dira erauzten. Bularra erauzten danian, mastektomiaz ari gara. Minbizixa kentzen danian, baina bularra ukitzen ez danian, kirurgia kontserbatzailia erabiltzen da. Erredioterapia, kimioterapia edo ormona bidezko terapia be erabiltzen dira tratamenduetan.
Prebentzinua zegaittik da garrantzitsua?
Zenbat eta azkarrago diagnostikatu, gaitza daukanak askoz ere min gutxiago sufrittuko dau. Nor bere bularrak ukitzia eta mamografiak egittia dira prebentzioaren zutabe nagusiak.
Zein adineko emakumiek dauke arrisku gehixen?
Minbizixa adinan gaitza da. Prebentziorako kanpaina 49 eta 69 urte bitarteko emakumiei zuzenduta dago. 40-50 urte bittartian gutxienez 2 mamografia egittia gomendatzen da. 51tik aurrera, urtero.
Frogarik egin nahi ez daben emakumiei zer esango zontseke?
Egitteko mesedez! Froga berak ez dau ezer egitten eta emaitzak beldurra emoten dotselako asko dira etxian geratzen diranak. Frogia horretarako da, anomalian bat baldin badago lehenbailehen tratatzeko.
Eta minbizixa antzeman dotsenei?
Duda bare Katxalin elkartiakin harremanetan jartzia. Minbizi bera sufrittu daben emakumiek osatzen dabe eta aukera ederra da sendatze bidian laguntza emozional zuzena jaso eta bizipenak konpartitzeko.