“Lau hektaera baso berreskuratu dira mendi gainean hostozabaleko 1.850 zuhaitz sartuta” EAJ

plaentxia_com 2014ko api. 2a, 09:40

"Jeltzaleek egindako proposamenak ahalbideratu du 1.850 pago landatzea” Aldazabal bozeramaileak adierazi duenez. EAJk prentsa-oharra zabaldu du gaiaren inguruan. Irudia: Mendigaineko landaketak. Iturria: EAJ.

 

Iker Aldazabal bozeramailearen esanetan, Soraluze Baso-Bidez egitasmoaren baitan burutu dira lanok, “alderdi jeltzaleak bultzatuta”. “Bilduk, 2014ko aurrekontuen zirriborroan ez zuen lan hauek burutzeko inolako partida ekonomikorik zehaztu, ondorioz gure taldearen proposamenari esker, Soraluzek bertakoak diren lau hektarea zuhaitz izango ditu” azpimarratu du zinegotzi jeltzaleak.

EAJ-k jakitera eman duenez, “Lan hauek jabetza publikokoak diren bi lur-sailetan burutu dira, Karakate-Hirukurutzeta mendi lerroan. Lur sailetako bat Atxolin mendiko magalean dago kokatua, eta 18.100 m2-ko azalera du, bigarrena, Pagobedeinkatuko tumuluaren ondoan dago, eta 22.426 m2-ko azalera du”. 

EAJren ustez, “lan hauek argi erakusten dute azken 6 urtetan ez dela ezer egin bertakoak diren landaketei dagokienez”. Eta gogorarazi du, “azken landaketak 2007ko martxoan burutu zirela Urkia Zelai inguruko lur sailetan, konkretuki 1.750 pago”. Landaketa hura Oskar Gabilondo buru zuen udal gobernuak burutu zuela azpimarratu du Aldazabalek.

Azkenik zinegotzi jeltzaleak “Karakateko parkean dagoen bezala, panel informatiboak jartzea” proposatu du, herritarrek eta oinezkoek jakin dezaten lur sail hauetan egin diren landaketak berri.

{mosimage}