Azken urteetako esperientziatik abiatuta, 9 eta 16 urte bitarteko gazteei
eskainitako hiru abentura proposatu dituzte Pil-pilean, Jardun eta
Txatxilipurdi euskara elkarteek. Gazteenek, 9-12 urte bitartekoek, "euskal
giroan eta lagun artean" Zerainera joateko aukera izango dute hogei laguneko bi
txandatan; uztailaren 7tik 14ra eta 14tik 21era.
12-14 urte bitartekoei Araban, Otaza auzoan dagoen Garaion
udalekuetan "aske sentitzeko eta esperientzia berriak bizitzeko" aukera eskaini
nahi diete. Honetan, hogeita bost lagunentzako txanda bakarra antolatu dute,
uztailaren 9tik 18ra.
14-16 urte arteko gazteek berriz, Kosta ala kosta udaleku ibiltarietan
parte hartzeko aukera izango dute. Araban, mendialdetik hasi eta kostalderaino
egingo dute bidea, tartean "Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutuz eta naturaz
gozatuz". Hogeita hamar lagunentzat prestatutako txanda bakarra uztailaren 5ean
hasi eta 16ra bitartean luzatuko da.
Euskara eta
hezkidetza zehar-lerro
Udalekuok euskara elkarteen arteko elkarlana dutela oinarri eta horri
esker, “ezagutzeko, elkarrekin ikasteko eta baliabideak optimizatzeko”aukera
izan dutela aipatu dute arduradunek. Uztaileko oporraldian urte osoan hezkuntza
ez formalean landutako baloreak “intentsitate gehiagorekin” lantzeko aukera
aprobetxatu nahi dute. Horretarako, euskara eta hezkidetza oinarri hartuta, “gazteen
parte hartzea eta autonomia landu, aisialdi ez-kontsumista eraiki eta ingurune
naturalak deskubritzeko aukera” bultzatuko dute.
Izen-ematea
maiatzaren 9a bitartean
Udaleku guztiek prezio berbera dute, 275 euro; eta izen-ematea maiatzaren
9a baino lehen egin behar da, Pil-pileanean (943 751304) ordainagiria eta
izen-emate orria aurkeztuta. Familia ugariko kideek eta euskara elkarteko
bazkideek %5eko deskontua izango dute, bi baldintza bete ezkero, %10ekoa.