PSE-EEko Soledad del Bosque eta Bilduko Lorea de
Castro zinegotzien asistentziarik gabe, arratsaldeko 19:00ak puntuan zirela
ekin zioten atzo udalbatzarreko hamaika gaiak tratatzeari. Hasteko Hiart
Arluziaga alkateak EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren
712/2013 zenbakiko epaiaren berri eman zuen. Epai honek, udalari, Espainiako
bandera udaletxearen kanpoaldean eta pleno aretoan jartzera derrigortzen dio. Abenduan udalak bandera
espainiarrarekiko hartutako neurria salatu zuen Estatuko delegatuak, “burla”
bat izan zela argudiatuz. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio eta
ondorioz, udalak bi hilabeteko epea du Espainiako bandera udaletxeko balkoian,
modu ikusgarrian jartzeko.
Alkatearen
irakurketa
Alkateak neurri hauekin burla herriari egiten
diotela adierazi zuen: “Nork bere aberrian zer den eta zer izan nahi duen
erabakitzeko eskubidea du. Soraluze herri euskalduna da, euskaldun sentitzen
gara eta neurri arrotz eta inposatzaile hauekin ez dute herriaren izaera
errespetatzen. Udalak aberri libre eta independentea aldarrikatzen jarraituko
du, autodeterminazioaren alde Lanean”. Horren harira, datozen egunotan
“inposaketen aurka eta ikurrinaren aldeko pausoak" emango dituztela aurreratu
zuen.
EAJren
iritzia eta mozioa
EAJk, bere aldetik, “inposizio honek iraun bitartean” Plaza Barrixan plaka
bat jartzeko eskatuz mozioa aurkeztu zuen. Aldazabalen esanetan bandera “soraluzetarren
gehiengoaren nahiaren aurka inposatutako ikurra” da, “zigor mehatxupean
ezarria”. EAJko aldeko 4 bozkekin eta Bilduko eta PSE-EEko ezezko 5ekin, mozioa
onartu gabe geratu zen. Boto azalpenetan “Soraluzen aurkeztutako mozioa Batzar Nagusietan Bilduk,
Aralarrek eta PNVk adostutako mozio berbera” izan dela eta Bilduren postura “sinestezina”
iruditzen zaiola azpimarratu zuen Aldazabalek. Alkateak azaldu zion Aldazabali
“EAJk proposatutako planteamendu eta filosofiaren ados egon arren,
kontsentsurik eta elkarlanik gabe aritu direlako ezezkoa eman dutela”. PSE-EEko
ordezkariak "koherentzia" aipatu zuen bere ezezkoa argudiatzeko.
Berrordainketa salatzea aho batez onartua
Itxaropena Jubilatu Etxeak eta Soraluzeko
Duintasuna Elkarteak mozioa aurkeztu zuten, botiken berrordainketari
buruzkoa. 18.000 euro baino gutxiagoko pentsioa
jasotzen duten jubilatuek botiketan gastatutako dirua jasotzeko eskubidea
dutela adostu du Jaurlaritzak. Udalbatzarrean
aurkeztutako mozioan, erabaki honen jakinarazpena “anbulategira
bakarrik heldu dela eta botiken berrordainketen
konpentsatzioa jaso behar duten pentsiodun asko enteratu gabe geratu direla” salatzen
dute. Honen aurrean, Osakidetzari zirkularrak eta bete beharreko agiriak
zuzenean helarazi ditzala eskatu diote, berrordainketa bertan bera
lagatzearekin batera.
Udalbatzarreko talde denek aho batez onartu
zuten pentsiodunen eskaera, zinegotzi guztien babes zabala jaso zuena. EAJk
informazioa helarazteko hitzaldi bat antolatzea proposatu zuen. PSE-EEko
Borinagak EAJri aurpegiratu zion Eusko Jaurlaritzan hartu beharreko neurririk
hartu ez izana eta Bilduko Mikel Santiagok ere, antzeko bidetik, udalaz
haratago erantzukizun osoa Osakidetzarena eta Eusko Jaurlaritzarena dela azpimarratu zuen. Hala
ere, talde denek elkarlanean haritzeko asmoa erakutsi zuten.
Sahara, etxez-etxeko laguntza eta Euskadiko Udal Legea hizpide
EAJk Mendebaldeko Saharari babesa
adierazteko mozioa aurkeztu zuen eta aho batez onartu zuten. Besteak beste, web
komunikaziorako euskarrietan saharar herriari babesa ematea adostu dute. Etxez etxeko
zerbitzuari buruzko mozioa ere aurkeztu zuen EAJk eta hau ere aho batez onartu
zen. PSE-EEk, bere aldetik, Euskadiko
Udal Legea sustatu eta onartzearen aldeko mozioa mahaigaineratu zuen eta EAJ
eta PSE-EEren aldeko bozkekin eta Bilduren abstentzioarekin onartua izan zen.
Tolosako Berdintasun Planeko ordenantza ezartzeko eskaria
Eskari eta galderen tartean Iker Aldazabalek
hartu zuen hitza eta orain urtebete Berdintasun Plana osatzeko aurkeztutako
txosten bat mahaiganeratu zuen. Udal Gobernu Taldeari eskatu zion aipatu
ordenantza Soraluzeko bigarren Berdintasun Planean txertatzea.
Udalbatzarra bukatu aurretik Mauri Murok
jubilatuen izenean hitz egin zuen eta eskerrak eman zizkien udal talde denei
berrordainketa salatzeko hartutako neurriak babesteagatik. Etorkizunean
lankidetzan aritzeko deia luzatu zien.