Eguneko zentrua Estaziñoan kokatuko da eta 25 lagunendako lekua izango du

plaentxia_com 2014ko mar. 13a, 13:09

Foru aldundiak aurtengo aurrekontutik 300.000 euroko diru-partida bideratuko du eguneko zentrua martxan jartzeko. Udalak jakinarazi duenez, etxejabeen eta udalaren beraren ekarpenak jaso ostean, dagoeneko proiektua osatuta dago. Irudia: Estaziñoko etxeak.

 
Joan zen urriaren 3ko udalbatzarrean aho batez onartu zuten Estaziño kaleko 9. zenbakian dagoen 192,9 m2 dituen udalaren jabetzako lokala Aldundiari lagatzea, bertan eguneko zentrua ezarri dezan. Aurreko hilabeteetan aldundiaren ordezkariak udalekoekin eta etxejabeekin batu dira eta “guztien ekarpenak kontuan hartuta osatu dute azken proiektua”. Aurreikuspenen arabera, lokala egokitzeko lanak 2014an egingo dira eta jarriko dute 2015ean martxan zentrua.
 
Desberdinen arteko hartueman eta kolaborazioari esker lortu da” EAJren udal taldea
Soraluzeko EAJren udal taldea pozik azaldu da proiektua bideratuko dela eta. Taldearen bozeramailea den Iker Aldazabalek adierazi du, proiektua gauzatzeko 300.000 euroko partida" iazko azaroan Gipuzkoako udalerrietan ezohiko inbertsioak burutzeko EAJ eta Bilduren artean 18 milioi eurotako partida adostu zutelako” etorri dela. Bere esanetan “azpiegitura hau urtetan galdatu dute soraluzetarrek, eta kontuan hartu behar da herrian 65 urtetik gorako 850 pertsona daudela”. Azkenik, “desberdinen arteko hartuemana eta kolaborazioa” nabarmendu nahi izan du Aldazabalek, “herritar guztiei mesede egiten baitie jardun honek”. 
 
Urteetako ahaleginaren emaitza da” Udal gobernua
Udal gobernuak adierazi duenez, eguneko zentrua egiteko ahaleginak aurreko legealditik datoz. Garai hartan eguneko zentruen ardura udalaren gain zegoen eta “kokapen eta finantziazio arazoengatik ezinezkoa izan zen proiektua garatzea”. Geroztik, Euskadiko Gizarte Zerbitzuetako legea aldatu da, eta orain aldundiarena da era honetako zentruak zabaltzeko ardura. Legealdi hasieratik hona hainbat proposamen egin arren, Estaziñoko lokalaren aukera proposatu arte ez da posible izan proiektua bideratzea. Udal gobernua oso gustora azaldu da, “legealdiaren hasiera hasieratik egindako lanak emaitza eman duelako”.