ADIERAZPENA
Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu urtero bezala, Emakumeon Eguna. Urteetako borrokak gogoratzeko eta ospatzeko aukera ematen digu baina, batez ere, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketak partekatu eta balantzea egiteko aukera ona izaten da.
Krisiaren itzalpean harro dabilzkigu kapitala eta patriarkatua, lotsarik gabe, mozorroa kenduta. Eta emakumeok orain arte lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari gara, atzeraka goaz. Inboluzio une batean gaude. Historia lineala ez denez, ez goaz beti aurrera; baina historia idatzita ez dagoenez, ezer ez da ezinbestekoa, aldaezina. Inboluzio une batean bagaude ere, gure esku dago borroka feminista indartu eta, haizea alde ez izan arren, egoera aldatzea.
Oraingo testuinguru sozial eta politikoan kezka biziz egiaztatzen dugu berdintasunaren ameskeriak berdintasun horren lorpen efektibo eta egiazkoa geldiarazteko mehatxua suposatzen duela. Arduratuta ikusten dugu orain arte lortutakoan atzerako pausuak ematen ari direla. Horregatik uste dugu ekinean jarraitu behar dugula, lan eginez eta ekinez, gizarte bidezkoago eta berdintzaileagoa lortzeko.
Gure gorputza ere ez digute guretzat utzi nahi. Gure gorputza gurea dela ukatu nahi digute. Gure umetokia Estatu-arazoa dela diote baina gaude beraientzat arazoa, azken finean, emakumeak garela. Abortatzeko eskubidea ukatzeko Espainiako Gobernuak aurkeztu duen kontrarreformarekin, duela 40 urte oihukatutako aldarriak berriz etorri zaizkigu umetokietatik eztarrietara.
Egoeraren irakurketak alarma guztiak piztera garamatza. Feministok urteetan aldarrikatutako eta borrokatutako helmuga gero eta urrunago dago eta inboluzio lazgarria sufritzen ari gara. Emakumeok subjektu politiko gisa, eskubide osoko herritar gisa onartzetik gero eta urrunago gaude. Egungo krisia emakumeon askatasunen eta berdintasunaren krisia ere bada. Ez orain arte helburuok lortu genituelako baina bai atzerapauso nabarmenak ematen ari garelako. Ez halabeharrez, ordea; botere politikoek eta ekonomikoek norabide horretan eraman nahi gaituztelako baizik. Emakumeok berriro ere sistema heretropatriarkalaren kaiolara lotu nahi gaituzte.
Egoeraren irakurketa gordinak etsipenean erortzeko baino, egoeraz jabetu eta erantzuna pizteko balio izatea nahiko genuke. Betaurreko eta lupa moreak jantzi, elkarri eskua eman eta atzerapausoak identifikatu eta hauei aurre egiteko prestatu behar dugu. Eta gure bidea egin, guk nahi duguna izateko, euskaldunak, askeak, zernahi. Jostun onen moduan, jos ditzagun emakumeon arteko sare sendoak. Eta zabal dezagun gure sarea eta lana esparru guztietan, esparru sozio-ekonomikoan, kultur arloan, esparru politikoan, erakundeetan. Eta elika ditzagun aliantzak eragile sozial, politiko eta sindikalekin, Euskal Herria parekidetasunez eraikitzeko.
Beharrezko eta premiazko jotzen dugu berdintasuna gauzatzeko behar den gizarte eraldaketa ekarriko duen balore aldaketa. Eredu patriarkal eta matxistatik jauzi egin behar dugu eredu berdintzaile eta bidezkoagora sartzeko. Horixe izango da, emakume eta gizonok, lan esparruan emakumeen diskriminazioaren kontra, lan produktiboaren eta ugalketa lanaren banaketa desorekatuaren aurka eta emakumeenganako bortxakeriaren kontra egin behar dugun borrokatik garaile irteteko giltzarria.
Balore aldaketa hori sustatzea lan konplexua da. Emakume eta gizon askeen Euskal Herria helburu, bide horretan lan egingo dugu erakunde publikoetan, elkarteetan, komunikabideetan eta kalean. Horrek, norbanako bakoitzaren pentsamoldean eragitea suposatzen du eta jakitun gara, barne-mailan gauza asko ditugula oraindik lantzeko.
Horregatik, gizarte hau osatzen dugun pertsona guztiei dei egin nahi diegu, gure eguneroko bizitzan, gure erabakien eta jarreren bidez, berdintasuna ahalbidetzea lor dezagun. Emakume eta gizon guztion lana da.
Horregatik guztiagatik, Emakumeen Nazioarteko Eguna den 2014ko martxoaren 8 honetan,
ADIERAZTEN DUGU emakume eta gizonen arteko berdintasunerako bidean aurrera egiteko urrats sendoak ematen jarraitu behar dugula desberdintasuna betikotzen duten baloreak aldatzea sustatuz, eta horretarako
HITZA EMATEN DUGU beharrezko aldaketa bultzatuko dugula politikagintzan nagusi den ereduak gizonezkoen botere eta lidergoan oinarrituta egoteari utz diezaion, eredu horren biziraupena zaintza arduren banaketa ez ekitatiboari lotuta egonik, eragozpen handia baita emakumeak politikagintzan aritzeko eta emakumeek esparru publikoan parte hartzeko. Gizarte garatu eta aske batek ezingo baitu aurrera egin, biztanleriaren erdi bati beste erdiari ematen dizkion aukera berberak eman ezik.