Urko Aristi kazetaria izango da TOKIKOMeko presidente berria (Tokikom albistea)

plaentxia_com 2014ko ots. 24a, 13:28

Toki komunikabideen bateraguneak (Pil-pilean bazkide da) zapatuan egin zuen bigarren batzar Nagusia Aretxabaletan, eta besteak beste, presidentez aldatu dute. Hala, orain arte Mikel Irizarrek bete duen lekua beteko du aurrerantzean Urko Aristi kazetariak. Irudia:  Irizar eta Aristi, Aretxabaletan.

 

 
 “TOKIKOM eratu genuenean, bi urteko epea eman genion egitasmoak etorkizunik ba ote zuen jakiteko. Egindako bideari erreparatuta, argi daukagu TOKIKOMek hartu dituela tokia eta funtzioa”, adierazi zuen presidente izateari utzi dion Mikel Irizarrek batzarrean.
 TOKIKOMen sorrerako hiru helburu nagusiak, eta haietan egindako lanak ekarri zituen gogora Irizarrek (Euskal Herri osoko 27 eragilek osatzen dute TOKIKOM. Guztien artean, formatu eta euskarri guztietako 47 komunikabideko sarea osatzen dute):
  • Esparru komunen kudeaketa: TOKIKOMek urrats onak egin ditu alor honetan. Nabarmenena, tokiko agerkari digitalak sortzeko garatu duen plataforma –CodeSyntaxek egina- azken urtean bost agerkaritarako erabili dena: ataria.info, guaixe.net, goiena.net, anboto.org eta datorren astean aurkeztuko den uriola.info. Elkarteak hutsune nabarmenak ditu oraindik kudeaketa komertzial bateratuari dagokionez, eta bide horretan berrikuntza lantzeko ildoak daude onartu den Kudeaketa Planean.
  • Solaskidetza bateratua: TOKIKOMek tokiko hedabideen ordezkari gisa jardun du erakunde publiko eta pribatuen aurrean, baita sektoreko beste eragileen aurrean ere. Besteak beste, parte hartze oso aktiboa izan du HEKIMEN elkartearen sorreran eta lehen txanpan, eta erakundeekin lankidetza
  • Garapen eta integrazio posibleen diseinua: gogoetaren aldetik ere TOKIKOMek aurrerapausu handiak egin ditu. Nabarmenena, 2013ko azaroan aurkeztu zuen “Euskal hedabideen etxea” gogoeta, sektore osorako tresna gisa pentsatu dena, eta ondorio ezin interesgarriagoak jasotzen dituena. 
{mosimage} 
Fase berria 
Egindakoa oinarri eta eskarmentu, TOKIKOMen hasierako egitasmoa zehaztea onartu zuten batzarrean. Aiboko fasea gaindituta, erakundearen garapen ildoak eta negozio eredua definituko dira, eta egindako gogoeta ekarriko da epe ertaineko plan batera. 2014 beraz, TOKIKOM sendotzeko urtea izango da.

 

Presidente berria
Urko Aristi kazetariak hartu zuen presidente kargua, eta adierazpenok egin zituen: “Mailope bezelako elkarte txiki baten ordezkari naizen heinean ongi aski dakit zein beharrezko den denak elkartu eta sinergiak sortzea. Eta fiilosofia horretan kide guztiak bat datozenez, badakit marinel guztiak norabide berdinean arituko direla eta lan erreza izango duela patroia. Orain arte Irizarren gidaritzapean egindako bidearekin guztiz ados egonik, norabide berdinean jarraitzeko konpromisoa hartzen dut, dagoeneko abiatutako egitasmoak sendotu, eta beste ekimen berriak abiaraziz. Zentzu horretan pozik nago bereziki Nafarroan agerkari digital zein euskerazko telebista berriaren asmoak aurki gauzatu, eta trabak traba, amets izatetik errealitate bihurtzeko bidean direlako”.