Eskualdean ekintzailetza sustatzea helburu duen Debabarrena Ekinean egitasmoaren baitan, 160 pertsona hurbildu ziren iaz Debegesara enpresa bat sortzeko aholkularitza edota informazio eske, eta kontsulta horien ondorio, 21 enpresa berri sortu zirela aipatu du Garapen Agentziak. Azken bi urteotako datuei erreparatuz gero, Debabarrenan sortu diren enpresa berrien kopurua mantendu egin dela ere adierazi du (2012an 22 enpresa berri sortu ziren).
21 enpresa berri hauei esker 37 lanpostu sortu direla (2012an baino %12 gehiago) azpimarratu dute eta datuak positiboak direla, “jarduera industrialak enplegua sortzeko duen ahalmena agerian uzten dute”.
Iraupen-tasa altua
Azken 5 urteetan, 2008 eta 2012 bitartean, Debegesaren laguntzarekin sortu diren enpresen iraupen-tasa %80koa dela aipatu dute. “Iraupen-tasa altua da oso, hein handi batean, Debegesak negozio-ideien bideragarritasun analisia egiterako orduan ezartzen duen exijentzia maila altuarengatik. Exijentzia maila honek enpresen eta enpleguaren etorkizuna bermatzea bilatzen du beti ere”.
Profilak
Ekintzaileen profilari dagokionean, 2013an enpresa berri bat abian jarri zuten 32 lagunetatik, erdia emakumezkoak dira eta beste erdia gizonezkoak. Gehiengoa langabezian zegoela eta autoenplegua “lan-irtenbide bat izan dela askorentzat” azpimarratu dute.
Adinari begiratuta 25 eta 45 urte bitarteko pertsonak dira gehienak, %70 inguru. %18a 45 urte baino gehiago ditu eta %12ak, 25 urtetik behera. Herriz herriz, enpresa berri gehienak Eibarren sortu dira, 11 guztira; Elgoibarren 4, Deban 2, eta enpresa bana Soraluzen eta Mutrikun.
2014rako ekimenak
Trebakuntza programak
2014an, Debabarrena
Ekinean egitasmoaren baitan, Debegesak jarraipena emango dio ekintzaileei
eta sortu berri diren enpresei zuzendutako trebakuntza programari. Hartara, otsaila,
martxoa eta apirila bitartean 5 ikastaro egingo dira eskualdeko ekintzaileei
eta sortu berri diren enpresei zuzenduta. Lehendabizikoa, otsailaren 26rako
zehaztu dute eta fiskalitate eta forma juridikoen inguruan izango da. Eskolak
dohanik dira Debegesan bertan, 15:00etatik 18:00etara. Izena emateko, interesa dutenek
ekintzaile@debegesa.com helbidera
idatzi edo 943 82 01 10 telefonora deitu dezakete.
*Egitarauri buruzko informazioa gehiago: http://www.debegesa.com/eu/ekintzaileak/ekiten-lagundu
120.000 euro diru-laguntzatan enpresa singularrak sortzeko
Gipuzkoako Foru Aldundia 120.000
euroko diru-laguntza esleitu dio Debegesari, diru-hornidura hau enpresa singularrak
sortzera bideratzeko. Diru-laguntzak aktibitateak martxan jarri ahal
izateko egingo diren inbertsioak laguntzera bideratuko dira, inbertsioaren %75a
arte, 7.000 euro gehienez eta, industria arloko enpresen kasuan, 10.000 euro
gehienez. Gipuzkoako lurraldean kokatuko diren Debabarreneko enprese soilik
lagunduko zaie.
BERREKIN, enpresen transmisioa errazteko ekimena
Debegesako Berrikuntza eta Enpresa Sailak 2014an indartuko duen ekimenetako bat enpresen transmisioa erraztea helburu duen “Berrekin” izango da. Honen bitartez negozio baten salerosketan interesa dutenek -euren jarduera transmititzeko interesa duten enpresa txiki eta ertainak zein enpresa-jarduera bati ekin nahi dioten ekintzaileak- aholkularitza juridikoa jaso ahal izango dute dohainik, besteak beste, honako zereginetarako: negozioaren balorazio objektiboa, bideragarritasun analisia, lan-, merkataritza- eta aholkularitza fiskala, etb. Helburua da enpresen transmisioa modu ordenatu eta planifikatuan egitea, proiektuaren jarraipena eta garapena ziurtatze aldera.
Ekimenaren helburu nagusia da gure eskualdean enpresen desagertzea ekiditea ekonomikoak ez diren arrazoiengatik, erretiroa esaterako, eta aldi berean, ekintzaileei bideragarriak diren proiektuak eskura jartzea, arrakastarako aukerak handituz.
Informazio gehiago edota ekimenean
parte hartu nahi dutenak Debegesarekin harremanetan jar daitezke ekintzaile@debegesa.com helbidera
idatziz edota 943 82 01 10 telefonora deituz.