`Guernica 1913´antzezlan saritua taularatuko du Banarte antzerki taldeak zapatuan

plaentxia_com 2014ko ots. 18a, 13:16

1913ko udazkenean Esperanza y Unceta enpresako (gero Astra moduan ezaguna egingo zena) armagin eibartarrek Gernikan egin zuten eta “amaiera epikoa” izan zuen greba da antzezlanaren oinarria. Antzerki Amateurraren Espainiako konfederazioak antzerki garaikidearen atalean saritu berri du Banarte antzerki taldeak zapatuan 20:00etan antzokian eskainiko duen lana. Edu Pombar aktore soraluzetarra da antzezlaneko protagonistetako bat. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira txarteldegian, 3 euroan. Antzezlana gazteleraz eskainiko dute. 
 
 

 

Banarte Antzerki Taldeak “Guernica 1913” antzezlana taularatuko du zapatuan, 20:00etan Antzokian. XX. mende hasieran Gernikan jazotako klase borrokari loturiko gertaera historikoa du lan honek oinarri: Esperanza y Uncetako (gerora ASTRA izango zena, Unceta y compañia, arma laburren produkzioan enpresa garrantzitsua) langile eibartarrek 1913ko udazkenean Gernikan egindako eta “bukaera epikoa” izan zuen greba. Gernikazarra historia taldeko Txato Etxanizek jasotako informazioan oinarrituta, Rafa Hercek idatzi eta Sardo Irisarri eibartarrak zuzendutako “Guernica 1913” lana da taularatuko dena. 

Klase sozial berriaren sorrera eta bilakaera

Lehen fabrika, lehen greba, lehen aldarrikapenak, maila-agintariari egindako lehen eskakizunak, lehen protestak, elizaren eta fedearen izenean eta konbikzioan jarritako autoritatearekiko lehen zalantzak… . Bata bestearekiko guztiz kontrakoak ziren bi munduren elkarketa eta bi gizarte maila antagoniko nahastetik sortu zen gizarte klase berria azaldu nahi dute. Egungo gizarteari buruzko gogoeta ere bultzatu nahi du Banartek “balio eta borroka moldeen aldaketa, gure arbasoei eraikitzea hainbeste kostatu zitzaien hura nola jausten doan” erakutsi nahi dute.

Edu Pombar taulagainean

Gernikazarra historia taldeko Txato Etxanizek jasotako informazioan oinarrituta, Rafa Hercek idatzi eta Sardo Irisarri eibartarrak zuzendutako lana da “Guernica 1913”. Edu Pombar aktore soraluzetarrak 2013. urtean bizi den Borja Gandarias gaztearen papera betetzen du. Berarekin batera Begoña Garcia, Dolma Romera, Jon Urbano, Vanesa Rodriguez eta Rafa Herce arituko dira taulagainean.

Antzerki Amateurraren Espainiako konfederazioaren saria

Antzerki Amateurraren Espainiako konfederazioak antzerki garaikidearen atalean saritu berri du “Guernica 1913” antzezlana. Urtarrilaren 31ko batzar orokorrean, aho batez erabaki zuten kideek saria Banarteren lanari ematea. Azaroan Granadan egingo duten jaialdian jasoko dute saria.