Soraluzeko EAJ-PNV udal taldeko bozeramailea den Iker Aldazabalek, hirigintzako gaietan udal gobernuak erakusten duen “utzikeria eta axolagabekeria” salatu ditu ohar baten bitartez. Ohar horretan dioenez, Errekalde, Atxuri, Rabal eta Baltegietako kaleetan dauden hainbat zulo edota zaharren egoitzarako igoeran izandako lur jausiak konpondu gabe jarraitzen dute, eta udal gobernuak “aurreko urtetik ongi baino hobeto daki arazo hauen berri baina hilabeteak aurrerantz doaz eta ez dute konponketarik burutzen”. “Noiz arte itxaron behar dute, besoak gurutzatuta eta ezer egin gabe, agian zerbait gertatu arte?” galdetzen du Aldazabalek.
Aldazabalek nabarmentzen du, 2013ko azaroan, zaharren egoitzarako bidean gertatutako lur jausia oraindik bertan dagoela eta ez dakiela noiz kentzea pentsatzen duten, “izan ere 2013ko azarotik gaur arte ez da bildu Hirigintza, Obra eta Zerbitzu batzordea.”
“Guzti honen aurrean –jarraitu du- gustatuko litzaiguke eta pentsatzen dugu soraluzetarrei ere gustatuko litzaiekeela jakitea ea beharrezkoak diren egonkortze lanak burutzea lur jauzi gehiago ez daitezen gertatu baina guzti hau aztertu behar duen batzordeak ia hiru hilabete daramatza bildu gabe”.
Amaitzeko udal gobernuari eskatu dio “herriko arazoei heltzeko eta kudeaketa eraginkor bat egiten hasteko legealdia amaitu baino lehen”.