Joan zen urtean lehenengoz egin ziren Euskal
Aratosteekin lortutako arrakasta nabarmenduz hasi zen atzoko aurkezpena.
Hainbat erakunderen ordezkariek parte hartu zuten: Nerea Bollar (Ludoteka),
Maite Kintanilla (Pil-pilean), Lorea de Castro (Udala), Miren Gallastegi
(Kukumixo), Mireia Lamariano eta Goretti Goiogana (Gaztetxokoa) eta Naiara
Kortabarria (Urrats dantza taldea). Denen artean azaldu zituzten aurtengo edizioaren
nondik norakoak eta bakoitzak egingo duen ekarpena zein izango den.
Iazko esperientziaren ederra
Antolaketa lanetan jardun zuen Maite
Kintanillak azaldu zuenez “mahai bueltan sortutako ametsa zela bete zen ikusi
genuen, eta hasieran ia elkar ezagutzen ez genuen ordezkariok talde egonkor eta
ederra osatu dugu”. Joan zen urteko esperientzia eta sortutako ilusioa izango
dira aurtengo Euskal Aratosteak antolatzeko oinarria.
Aurtengo berrikuntzak: Mielotxin, mozorroen trukea, eragile gehiago...
Aurtengo edizioko helburuen berri eman zuen
Lorea de Castro kultura zinegotziak. Euskal kultura herritarren partaidetzaz
lantzen jarraitzearekin batera, egitasmoaren edukietan sakontzea eta antolaketa
lanak hobetzea izango dira aurtengo helburu nagusienetakoak. Berrizkuntzak ere
izango dira: Mielotxin pertsonaia, eragile berrien partaidetza, mozorroen
“truke” sistema martxan jartzea, mozorroak hobetzea...
12 Eragileren arteko elkarlana
Aurtengo
proiektuan parte hartuko duten eragileak 12 izango dira: Atxolin Guraso
Elkartea, Urrats dantza taldea, Plaentxi herri ikastetxea, Kukumixo aisialdi
taldia, Parrandan ludoteka, Pil-Pilean Euskaldunon Elkartea, Kontrargi argazki
kolektiboa eta Soraluzeko Udala. Aurten beste lau eragile gehiago izango dira:
Bertso Eskola, Musika Eskola, Soraluzeko Institutua eta Soraluzeko Gaztetxokoa.
Ekimenak (datozen asteotan eguna prestatzeko egingo direnak)
-Otsailaren 16an, domekan, MASKARA TAILERRA I + EKITALDIAREN PRESTAKETAK
Gaztetxokoan.
-Otsailaren 23an, domekan, Domekak Aterpian egitasmoaren barruan:
MIELOTXIN TAILERRA + JOLASAK kiroldegian. MASKARA TAILERRA II + EKITALDIAREN
PRESTAKETAK gaztetxokoan.
-Otsailaren 27an, eguenean, MUNTAIA, kiroldegian, arratsaldean zehar.
Egitaraua (Otsailak 28)
-15.00etan Argazki maratoia
-15.45ean Kalejira koloretsua Ikastetxetik Kiroldegiraino
*Ikastetxea-Etxe berriak-Jubilatuak-Plaza
Berrixa-Zaharra-Gabolatz-Zubixa-Pasio berrixa-Kiroldegixa
-16.45ean Ekitaldi nagusia kiroldegian
*Antzerki, bertso, dantzaz osatutako ekitaldi berezia.
-17.15ean Txokolatada kiroldegian
-17.30ean hasita 19.30ak bitartean Jaia eta
dantza, DJ Arno-rekin.
Aurkezpenaren amaieran, gaztetxoekin batera gurasoak ere euskal pertsonaiez mozorrotzeko deia egin zuten antolatzaileek.