PPren Gobernuak
aurkeztutako "kontzebituaren eta
emakume haurdunen eskubideen babeserako" legearen aurreproiektuaren
aurka mozio bateratua onartu dute Bilduk, EAJk eta PSE-EEk. Aurrez hitzartutako
adierazpenean Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen abortu legeak “abortu-kopurua
gutxituko ez duela” eta “emakumeak klandestinitatean kokatuko dituela” salatu
dute. Mozioaren bitartez “amatasuna libreki hautatutako eskubidea” izan behar
dela eta haurdunaldia eteteko
erabakiak “emakumeen borondatea izan behar duela ardatz eta baldintza
nagusi" aldarrikatu dute. Hortaz, legearen errebisioaren aurreproiektua
erretiratzea eskatzen diote Espainiako Gobernuari. Are gehiago, haurdunaldiaren
borondatezko eteteak osasun sistema publikoaren baitan egitearen aldeko hautua
egin du udalak. Bukatzeko alor honetan
mugimendu feministek eginiko lana errekonozitu eta erreforma honi erantzun
bateratu bat emateko mobilizazioak babesten dituela azaldu du. Herritarrei,
mobilizaziootan parte har dezaten eskatu nahi diete.
Atxiloketen kontrako mozio bateratua
Urtarrilaren 7an Auzitegi Nazionalak EPPKren bitartekariak atxilotzea agindu zuen, ustez, ETAko kide zirelakoan. Atxiloketon aurkako adierazpen bateratua onartu zuten atzo udaleko talde denek. Besteak beste, “egungo testuinguru politikoan era horretako jarduerak oztopo bat direla” salatu eta “euskal herritar guztien giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak errespeta daitezela” eskatu zuten.
Ezoziko gaztainondoak berbetagai
Eskari eta galderen tartean Roke Akizuk, Bilduko zinegotzi eta Ingurugiro sailkeko arduradunak hartu zuen hitza. Zehazki EAJko Iker Aldazabali zuzendu zitzaion, atari honetan Ezozin moztutako arbolen inguruan eginiko adierazpenak “astakeriak direla” eta “arduragabekeriaz esanak” izan direla aurpegiratu zion. Akizuren berbetan moztutako gaztainondoak ustelak zeuden eta arrisku handia suposatzen zuten bizilagunentzat: “bizilagunek hala eskatuta moztu ditugu, aspaldi gaixotu eta usteldu dira. Arriskua suposatzen zuten auzoarentzat eta jendea urduri zegoen”. Aldazabalek adierazpenokin “bizilagun baten kexua zabaldu duela” esan eta arbolak moztu aurretik auzotar guztien iritziak batzea gomendatu zion.
Gaztaina erreen kea eta Pedro Larrañaga
EAJko bozeramaileak, bere aldetik, kontzejupean gaztainak erretzerakoan sortzen den kea izan zuen hizpide. “Paretak belztuta daudela” eta “udalak neurriak hartu beharko lituzkeela” uste du. Bestetik, Pedro Larrañaga ikertzaile soraluzetarrari omenaldi bat egitea proposatu zuen beste behin. Larrañagak burmuin artifiziala garatzeko ikerketa garrantzitsu bat garatzen dihardu eta “urteko informatikari onena” izendatu dute. Proposamena aztertu eta kontuan hartuko duela adierazi zion udal gobernu taldeak.