Erregionalak 0-2 irabazi dio Eibartarraki eta hirugarren sailkatu da

plaentxia_com 2014ko ots. 4a, 14:44
Azken jardunaldian garaipena eskuratu duen Soroko talde bakarra izan da Erregionala. Unben jokatu zuen Eibartarrak taldearen kontra eta 0-2 garaitu zuen. Eskuratutako 3 puntuei esker hirugarren sailkatu da. Preferenteak 1-0 galdu zuen Amaikak Bat-en zelaian eta behera egin du sailkapenean, seigarren kokatu da. Irudian: Preferente eta Erregionaleko jokalariak

Ez zaie batere ondo joan azken jardunaldia Sorako taldeei. Erregionala izan ezik, gainontzeko taldeek galdu egin dute. ERREGIONAL PREFERENTEAK 1-0 galdu du Amaikak Bat debarren zelaian eta ondorioz, Igoera Faseko sailkapenean behera egin du seigarren posturaino. Hala ere Urola liderretik bi puntura dago, 34 batuta. Hurrengo jardunaldian taldeko hirugarrena den Mutrikuren kontra lehiatuko dira Ezozin.

ERREGIONALAK 0-2 irabazi zion Eibartarraki Eibarren domekan jokatutako norgehiagokan. Poltsikoratutako hiru puntuei esker hirugarren kokatu da 7 punturekin, Bergara dago lidertzan 12 batuta. Datorren asteburuan Alle punta zarauztarren kontra neurtuko dituzte indarrak.

JUBENILEK gogor borrokatu bazuten ere, 4-1 galtzen bukatu zuten Ikasberriren zelaian. 4 punturekin seigarrena da sailkapenean, Aloña Mendi oñatiarrak daude lidertzan 10 puntu batuta. Datorren asteburuan Urkiren zelaian neurtuko dituzte indarrak. Norgehiagoka interesgarria dirudi, Urki Soraren atzetik zazpigarrena baita sailkapenean, puntu bat gutxiagorekin.  

KADETE MUTILEK deskantsua izan dute asteburuan. Datorrenean Bergararen zelaian neurtuko dituzte indarrak. Sorako hamaikakoak hiru puntu ditu eta bosgarrena da sailkapenean.

KADETE NESKEN TALDEAK denboraldiko lehen gola sartu zuen Arizmendiren kontrako norgehiagokan. Hala ere, eskoriatzarrak gehiago izan ziren eta 3-1 galtzen bukatu zuten partida. Datorren asteburuan Aloña Mendi hartuko dute Ezozin.