Musika eta janari senegaldarra otsailaren 7an Mbaye gogoratzeko egingo den jaialdian

plaentxia_com 2014ko urt. 31a, 14:39

Mbaye gogoratuz senegaldarren kultura elkartrukatzea da helburua. Enekora musika taldeak kontzertua eskainiko du, eta ostean yissa janaria eskainiko dute jateko. Jaialdia arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta sarreran borondatea jasoko dute. Irudia: antolatzaileak. 

 
Mbayeren heriotzaren ostean herrian sortu zen “elkartasun mugimendua gogoratu eta indar hori kulturartekotasunaren gorazarre egitea” da elkartasun batzordearen eta Ndank Ndank elkarteak elkarrekin antolatuko duten ekitaldiaren helburua. Horretarako, musika eta janari senegaldarrak uztartuko dituen jaialdia prestatuko dute antzokian. Otsailaren 7a da aukeratutako eguna, Mbayeren heriotzaren egunaren bezpera. Antolatzaileek iazko ekimenetan euren hondar alea eskaini zuten ehundaka soraluzetarrez gain, inguruan bizi diren senegaldarrak ere gonbidatuko dituzte.Mbayeren senideek ere gogo onez hartu dute ekimena eta bertan izango direla jakinarazi dute. 
 
Jaialdia 
Otsailaren 7ko jaialdia arratsaldeko 20:00etan hasiko dute Mbayeren heriotzaren osteko mugimenduaren inguruko datu eta irudi batzuk proiektatuz. Ondoren, kora -instrumentu afrikarra- entzuteko aukera izango da Enekora taldeak eskainiko duen kontzertuan. Taldea Eneko Larrañaga zestuarrak zuzentzen du beste hiru musikariren laguntzarekin, eta Kora Izpiak izeneko diskoan jasotako kantuak joko dituzte. Kantu batzuk eurak konposatutakoak dira eta beste batzuk kantu tradizionalen bertsioak. Kantuotan euskara eta beste hizkuntzak nahasten dituzte, eta bizitzaz, etorkinen sentimenduez, naturaz... berba egiten dute. Antolatzaileen esanetan musika lasaia da, patxadaz entzutekoa. Gainera, Afrika eta Hego Amerikan ateratako irudiak ere proiektatuko dituzte musika emanaldian zehar.
 
Kontzertuaren ostean, jaialdiari amaiera emateko, yassa, senegaldarren ohiko jakia, dastatzeko aukera izango da antzokian bertan. Sarreran borondatea jasoko dute ekitaldiaren antolaketak eragindako gastuak ordaintzeko.
 
{mosimage} 
 
Familiari laguntza hilero
Mbayren alargunari eta hiru seme-alabei laguntzeko batu zen diruaren bidalketaren berri emateko ere aprobetxatu nahi dute urteurrena batzordekoek. Hilero 300 euroko laguntza bidaltzen dute Senegalera bankuen bitartez, alargunaren izenean dagoen kontura eta bera da zuzenean laguntza hori jasotzen duena. Ndaye izeneko herrixkan bizi diren berrogei senitartekoen oinarrizko beharrak asetzeko erabiltzen dute dirua.