Herriko produktuekin osatutako saskia zozketatuko du asteburuan Harrera elkarteak

plaentxia_com 2014ko urt. 31a, 13:01

“Gartzelatik edo erbestetik datozen euskal herritarrei asistentzia eskaintzea” helburu duen elkarteak dirua biltzeko zozketa antolatu du. Gaur eta bihar boletuak saltzeko mahaia jarriko dute Kontzejupean. Elkarteari modu iraunkorrean lagundu nahi dionak bazkide egiteko aukera ere izango du. Irudia: Soraluzeko Harrera elkarteko kideak.

 
Joan zen urtean abiatu zuen bere jarduna Soraluzeko Harrera Elkarteak. Lehenago Euskal Herri mailan sortu zuten Harrera Elkarteak bezala, gartzelatik edo erbestetik datozen euskal herritarrei asistentzia eskaintzea du helburu, “Alde batetik, tramite burokratikoak kudeatzen laguntzea eta bestetik, beharrizan larrian ailegatzen diren pertsonei gizarteratze duina eskaintzea” dute helburu.

Lanak biderkatuta
Iazko urrian Estrasburgoko epaitegiak Parot dotrina bertan behera laga zuenetik hainbat preso kaleratu dira eta horrek biderkatu egin du Harrera Taldeak egin beharreko lana. Egoera horri aurre egiteko diru iturri nagusia bazkidetzak diren arren (26 herrian) oraingo eta etorkizuneko beharrizanei aurre egiteko tarteka zozketak antolatuko dituzte, herriko produktuz osatutako saskiarekin urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean egingo duten moduan. Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie modu batera edo bestera euren laguntza eskaintzen diharduten herritarrei.