Euskalzaleak suaren bueltan batuko dira gaur 19:00etan Plaza Barrixan Pil-pileanek deituta

plaentxia_com 2013ko abe. 3a, 10:52

Euskararen Nazioarteko Egunean suaren bueltan ilara eliptikoak osatuko dituzte hiztun komunitatea irudikatzeko. Ondoren, Euskarak 365 Egun manifestua irakurriko dute adin eta ibilbide ezberdineko euskal hiztunek, eta amaitzeko, jan-edana banatuko da. Irudia: sua piztuta dago.

{mosimage}

EUSKARAK 365 EGUN

MANIFESTUA

Ez da atzo goizean esana “euskara jalgi hadi plazara”.

Etxepare etxe parean aurkitu dugu berriz ere, eta harekin abiatu gara, hura bezala, barrutik kanpora. Hementxe gatoz bada, hiztun-kateari segida emanez, beste behin, plazara. Gaur dagokigun lekura.

Bagara batzuk euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok. Milaka gara, gero ta gehiago gara, eta hiztun komunitatearen muina, bihotza, osatzen dugu.

Badira gure artean zurginak, saltzaileak, eskritoreak, estudiante tunanteak, kontakatiluak, herri zainak eta erizainak, olagizonak, plazandreak eta bohemio alderraiak. Badira gure artean alderdi politikan alde batekoak, badira bestekoak, badira alderdiez trufatzen direnak, badira liberalak, badira libertarioak eta badira ironikoak. Ez dugu margo bakarrik onartzen, eta kolore guztiak hartzen ditugu.

Euskaraz bizitzeko hautua egin dugu, ordea. Euskaraz bizitzeko hautu antolatua. Horretan osatzen dugu, alderdikeria guztien gainetik, hiztun komunitatearen muina. Euskararen herria egiten dugu, eta egin nahi dugu, orain eta hemen. Hori da bildu gaituen taupada, zeharkatzen gaituen taupada gizagilea eta herrigilea.

Guretzat 365 egun ditu euskarak. Eta pozik ospatuko genituzke, elkarrekin bizi garenez, dagokienek proposatzen badute, haiekin batera, ingelesaren eguna, gazteleraren eguna, frantsesaren eguna, portugesaren eguna, hindiaren eguna, kitxueraren eguna, kurdueraren eguna, mandingaren eguna. Denak, baita hauek ere, guretzat, euskararen egun. Urtean egun bana ospatuta ere, denera 365.

Euskarak gugan duen esan-indarretik abiatzen gara, eta esan-indar horren bila goaz. Herrian duen

bizi-indarretik abiatzen gara, eta bizi-indar horren bila goaz.

Gaur plazara gatoz berriro. Hala ikasi genuen mugitzen, sistolean eta diastolean, zabalduz eta bilduz, etxetik plazara eta plazatik etxera. Gaur plazara gatoz. Eta itzuliko gara.

{mosimage}

{mosimage}